Lurralde Kohesio Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Kontserbazio Zerbitzuaren bitartez, Telekomunikazio eta Digitalizazio Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, Urbasako portuan kamera bat jarri zuen urte akaberan. Zehazki, mendatea igo eta berehala dagoen informazio guneko eraikinean. Kamera horren irudiak edozeinek ikus ditzake labur.eus/lwwruueh webgunean. Hala, portuan barna ibili behar duten erabiltzaileek uneoro mendateko errepidea zein egoeratan dagoen jakin dezakete. Nafarroako Gobernuko arduradunek azaldu dutenez, "kamera berriak gidariei joan-etorriak programatzen eta baldintza meteorologikoetara egokitzen lagunduko die".
Gaur egun, Nafarroako Gobernuaren Kontserbazio Zerbitzuak hogei kamera ditu foru geografia osoan banatuta. Urbasako portukoaz aparte, Sakanan beste lau daude: Irurtzunen, Arbizun, Altsasun eta Etzegaraten.