Semaforoak Urbasako portuan

Guaixe 2026ko apirilaren 29a

Lanak egiten ari dira eta trafikoa bideratzeko jarri dituzte. 

Lurralde Kohesio Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Lizarra eta Olatzagutia lotzen dituen NA-718 errepidean lanak egiten hasi zen martxoan. Zehazki Urbasako portuko 33,280 km puntuan. Han gerrietua edo luizia izan zen. Sortutako kalteei aurre egiteko, eta uraren irteera errazteko, porlaneztatutako harri lubeta bat egiten ari dira, 5 metroko altuerakoa eta 25 metroko luzerakoa. Horretaz aparte, 13 metroko beste harri lubeta bat eraikitzen ari dira, gerrietuaren ondoren agerian gelditutakoa estaltzeko. Azken harri lubeta horren azalera kanporantz aterata egonen da, ura ezpondaren barrualdera ez sartzeko. Lanak maiatzaren lehen hamabostaldian despeditzea aurreikusten da. Obrak 370.000 euroko (BEZa barne) aurrekontua du.

Eraikuntza enpresako langileek lanak behar bezala egiteko, eta haiek irauten duten bitartean beharrezko segurtasun bermeak izateko, hainbat neurri hartu dituzte, baina errepidea ez da trafikorako moztu. Errei bat itxi behar izan da. Trafikoa bideratzeko semaforoak jarrita daude eta, norabide bakoitzean, trafikoari txandaka ematen diote pasa. Lan horretaz aparte, gobernuak portuko hainbat puntutan zorua berritu egin du.