Hilario Urbizu San Roman olaztiarra apirilaren 14an, asteartean, hil zen Mexikon. Minbiziaren ondorioz hil zen. Lastailaren 22an 76 urte beteko zituen. Errepideak egiten eta harrobi batean lan egin zuen hamabost urtez. Urbizuk, kartzelan sartzeko arriskua zuela jakinda, Olatzagutitik 1975. urtean hanka egin zuen. 1980an iritsi zen Mexikora. Han familia osatu eta baso eta mekanikari lanetan aritu zen.
Espainiak Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1. epaile Santiago Pedrazek hura atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen. Hari jarraituz Mexikoko agintariek Aguascalientes eskualdean atxilotu eta espetxeratu zuten 2015eko maiatzaren 6an. Epaileak Espainiaren estradizio eskaera aztertu bitartean preso egon zen, lehenik Oriente kartzelan eta, ondoren, Tetepango Dorre Medikua erietxera eraman zuten. Ordurako gaixo zegoen olaztiarra eta tratamendua hartzen ari zen. Urbizuren askatasuna aldarrikatzeko 2015eko maiatzaren 17an 300 pertsonak manifestazioa egin zuten Olatzagutian. Hilabete batzuk pasata, Mexikoko Gobernuak estradizio prozesua eten egin zuen, eta ezezkoa eman zion Espainiari Urbizuri egotzitako delituak preskribatuta zeudela argudiatuta.