Motor denboraldia puri-purian dago. Nafarroako Lur Gaineko Rallyen denboraldia Almajanon hasi zen (Soria). Javier Goikoetxea kopilotu olaztiarrak primerako lana egin zuen Javier Leyun pilotuarekin (Skoda Fabia Rally 2 EVO) lasterketa irabazi zutelako (27:03.3). Bihar, larunbata, Cintruenigok txapelketako bigarren proba hartuko du.
Larunbatean VI. Ioar Igoerak Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketa mustu zuen. Baquedanoren (BMW E46 320i) turismoa izan zen azkarrena (2:21.906), Alonsoren (Osella PA21 JRB) monoplazaren aurretik (2:23.033). Alberto Villar hiriberriarra (BMW E36 M3) laugarren sailkatu zen turismoetan, hirugarren klasean laugarren (2:26:336). Garikoitz Flores lakuntzarra (Renault 11 Turbo) turismoetan seigarren eta bosgarren klasean lehena izan zen (2:28.928).
Egun berean XVII. Opakuako Igoera zegoen jokoan Agurainen. Aitor Zabaleta (Lola BMW T298) izan zen azkarrena (2:23.796). Ander Gurmindo (Renault Clio Sport) turismoetan 21. sailkatu zen (2:58.312), eta Gaizka Mateos (Citroën Saxo VTS) turismoetan 40. (3:14.814).
Olaztiko Rallysprintari begira
Sakana Motorsportek antolatutako VII. Olaztiko Rallysprinta apirilaren 25ean jokatuko da. Pilotuek apirilaren 17a zuten izena emateko azken eguna. Boluntarioak antolakuntzarekin jar daitezke harremanetan.