La Vasco Navarra sarituta

Guaixe 2026ko apirilaren 23a

Kontseilu arautzaileko Felix Ajuria, enpresako administrazio zuzendari Erkuden El Busto eta ekoizpen buru Gorka Perez de Albeniz. IDIAZABAL

Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenak eman dio.

Nafarroan Idiazabal Gaztaren denboraldi berriari ongietorria eman zioten apirilaren 21ean, asteartean. Maher Jatetxeko Enrique Martinez sukaldaria izan zen gazta mozteaz arduratu dena. Horretaz aparte, Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenak erregulartasun sariak ere banatu zituen. Ekitaldia despeditzeko izendapeneko buru izandako eta joan zen urtean hil zen Jose Mari Ustarrozen omenez topa egin zuten. 

Gaztandegia mailan erregulartasunaren saria Olatzagutiko La Vasco Navarra enpresak eskuratu zuen. Saria enpresako ekoizpen buru Gorka Perez de Albenizek eta Erkuden El Busto administrazio zuzendariak jaso zuten. Izendapeneko Kontseilu Arautzaileko kideek azaldu zutenez, "pasta prentsatuko gaztan espezializatutako negozio honek 1977an abiatu zuen bere historia, eta, ordutik, teknologian, etengabeko hobekuntzan eta giza taldean oinarritutako hazkunde iraunkorra eraikitzen du". 

Olatzagutiko enpresa 1977an sortu zuten eta gaur egun 220 langile ditu. La Vasco Navarrak 2024an 60 milioi euro fakturatu zituen. "Betiko prestakuntzari eusten diogu, baina teknologia berriak erabiltzen ditugu", gogorarazi du Perez de Albenizek. Olatzagutiko gaztandegi industrialak gaur egun behi, ardi eta ahuntz esnearekin egiten du lan, eta 50 herrialdetan baino gehiagotan ezagutzen dute haien produktuak. Perez de Albenizek argitu zuenez, urtero ia 20 milioi litro behi esne kudeatzen dituzte, hamar milioi litro ardi esne eta zortzi milioi litro ahuntz esne. 

Perez de Albenizek nabarmendu duenez, "Idiazabalerako urtean 1,2 milioi litrorekin egiten dugu lan". Hau da, urtero 100.000 Idiazabal gazta egiten dituzte. Hainbat formatutan merkaturatzen dituzte. Esaterako, moztutako kuñak merkaturatu berri dituzte. Esnea Nafarroako eta Euskal Autonomia Elkarteko abeltzainen esnea erosten dute. "Horietako batzuekin enpresa hasi zenetik harremana dugu, duela 49 urte", argitu zuen. Haien Idiazabal gaztak hamabost herrialde baino gehiagotan dago presente.