Automobilismoa

Sakandarren parte hartze handia Olaztiko Rallysprintean

Guaixe 2026ko apirilaren 23a

Olaztiko Rallysprintak ikuskizuna ekarriko du. ARTXIBOA

Apirilaren 25ean, larunbata, VII. Olaztiko Rallysprinta jokatuko da, Sakana Motorsport eskuderiak antolatuta. Sakana Motorsport eskuderiak zortzi talde aurkeztu ditu eta horretaz gain hiru kopilotu sakandar beste talde batzuetan ariko dira. 

VII. Olaztiko Rallysprinta antolatu du Sakana Motorsport eskuderiak apirilaren 25ean, larunbata; apirilaren 20an, astelehena, izena ematea despeditu zen eta apirilaren 22an ariko diren pilotu eta kopilotuen zerrenda argitaratu zuen Sakana Motorsportek.

Guztira 43 taldek eman dute izena Olaztiko Rallysprintean. Tartean, jakina, pilotu eta kopilotu sakandarrak daude. Sakana Motorsport eskuderiak zortzi talde aurkeztu ditu: Javier Goikoetxea eta Ruben Lapuente (Citroen C3 N5), Ander Gurmindo eta Asier Cruz (Renault Clio Sport), Alberto Villar eta Eneko Unanua (BMW E36 M3), Asier Juanez eta Iñigo Galarza (Renault Clio), Jesus Perez de Obanos eta Javier Rodriguez (Seat Leon), Garikoitz Flores eta Jesus Garcia (Renault 11 Turbo), Josu Olmos eta Aja Wilde (Citroen AX) eta Miguel Anton eta Asier Solis (BMW 330D). 

Horiei beste taldeekin ariko diren sakandarrak batu behar zaizkie. Escuderia Aguraingo Andoni Perez de Villarrealen kopilotua izango da Eneriz Besga olaztiarra (Renault Clio Williams); Club Mallacina Sport taldeko Jose Gonzalez pilotuaren kopilotua lanetan ariko da Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra (Renault Supercinco); eta Ziharka Sporteko Andoni Azpiroz pilotuaren kopilotu izango da Ekai Perez Claver altsasuarra (BMW E30 325). 

Goizetik, mugimendua Olaztin
Apirilaren 25ean, larunbata, 9:00etan hasiko dira autoen egiaztapenak egiten, Olaztiko Kultur Etxean. Beraz, aurreko plazatxoa eta inguruneak beteta egongo dira, eta jendetza hurbilduko da autoak gertu ikustera. 12:30ean autoak irteerako parke itxirantz abiatuko dira eta proba, berez, 13:30ean hasiko da. Bata bestearen jarraian, lau aldiz osatuko dute 5,39 km-ko zirkuitu edo eremua. Hasieran Olaztiko kale estuetan denetariko bihurguneak izango dituzte taldeek, gero Urbasarantz jo eta Altamira igo eta jaisteko. Bukaeran, sari ematea izango da San Miguel plazan.