Astekaria

"Olaztiko Rallysprintean giro polita egoten da goizetik, egiaztapenetatik"

Maider Betelu Ganboa 2026ko apirilaren 28a

Ander Gurmindo Vicente Renault Clio Sport autoarekin Urbasako Igoeran. ARTXIBOA

VII. Olaztiko Rallysprintean lehiatu zen sakandarretako bat Ander Gurmindo Vicente pilotu olaztiarra izan zen (Renault Clio Sport), Asier Cruz kopilotuarekin aritu zena. 

 

Olaztiarra izanik motorzalea izatea ez da arraroa. 
Urbasako Igoera hasten den kalean bizi naiz, eta txikitatik ikusi izan dut. Eta, azkenean, animatu. 

Noiz hasi zinen lasterketetan?
2018an seriezko Renault Clio bat erosi nuen Urbasako Igoeran parte hartzeko, baina justu igoera bertan behera gelditu zen urte famatua izan zen hura. Beraz, 2019an hasi nintzen lehiatzen. Aurrerago autoarekin zer egin erabaki behar izan nuen, hobetu edo aldatu, eta beste Clio bat ekarri nuen, urdina, pixka bat hobea. Eta iaz egun dudan autoa ekarri nuen, Clio Sport txuri eta larrosa. Dena desmuntatu eta gure gustura jarri genuen. 

Hirurak Renault Clioak, mundu horretan ezagunak. Zergatik?
Ez dakit, hala tokatu da. Sakandarra izanda Renault bat izatea nahiko ohikoa da (kar-kar).

Nahiz eta mekanikariak ez izan, mekanikaz ulertzen duzue.
Pixka bat. Zaletasuna da, eta egunero zer edo zer ikasten dugu. Bestela, autoa tailerrera eraman beharko genuke. Berez kirol garestia da, tailer batera eraman beharko bagenu, pentsa. 

Zein lasterketetan aritzen zara?
Bertakoetan, Nafarroako egutegikoak bereziki. Aurten denboraldia Opakuako Igoeran hasi nuen, apirilaren 11n. Gehienbat autoa probatzeko atera nintzen, dena ongi zegoela ikusteko. Ongi aritu nintzen, gustura. Dena bere lekuan dagoela ikusi genuen, ez genuen ezer apurtu eta etxera buelta, pozik. Zure marka hobetzea beti izaten duzu buruen, baina hoberena autoa osorik ekartzea eta ongi pasatzea da.  

Rallysprintak edo mendi igoerak, zer nahiago?
Rallysprintak. Mendi igoerak azkarrak dira, di-da pilotuak bakarrik igotzea. Rallysprintetan, aldiz, kopilotuarekin batera aritzen gara eta denbora gehiago gidatzen dugu, normalean tramo luzeagoak direlako. 

Zein da zure kopilotua?
Asier Cruz. Ongi moldatzen eta elkar ulertzen dugu, hori ezinbestekoa da. Gainera, berak nire autoa ondo ezagutzen du, laguntzen ibiltzen da, eta bien artean zer edo zer egiten dugu.

Apirilaren 25ean VII. Olaztiko Rallysprintean ariko zara. 5,39 km-ko tramoak denetatik du. Hasieran Olaztiko kale estuetan denetariko bihurguneak ditu, gero Urbasarantz Altamira igo eta jaitsi egiten du. Nolako zirkuitua da?
Denetarik du. Hasieran oso mantsoa eta teknikoa da, eta gero azkarragoa, Altamira igo eta jaisteko tartean. Urteak aurrera joan ahala, geroz eta apurtuagoa dago Altamirako jaitsiera hori. Herrian zentzu handiz ibili beharra dago, pixka bat despistatuz gero espaloia jo eta akabo. Bigarren zatia gustatzen zait gehiena, igoera eta jaitsiera. Pena jaitsiera pixka bat luzeago ez izatea. 

Zenbat talde egon ziren?
Iaz 57 inguru izan ziren, eta aurten 43. Euskal Herriko Txapelketako beste lasterketa bat egun berean jokatu zen Gipuzkoan, Erniope Rallysprinta, eta nabaritu zen. Bestela, iazko kopuru berean egongo ginateke.

 

"Olaztiko Rallysprintak denetatik du. Bigarren zatia gustatzen zait gehiago, Altamira"

 

Gogotsu zeunden?
Bai, eta pixka bat urduri ere bai. Etxeko probetan urduri jartzen naiz, pilotua izateaz gain antolakuntzan nagoelako. 

Olaztiarra izanik, ibilbidea goitik behera ezagututa, nolabaiteko abantaila da hori?
Agian abantaila txikia, baina presio gehiago, etxean ongi egin nahi duzulako. 

Asmoa zein zen? 
Bosgarren klasean nago, eta klase zailena da, lehia handia dago maila horretan. Jendea oso azkar joaten da. Amaitu eta disfrutatzea, hori izan zen helburua. Iaz autoa berria zen, ez genuen probatu eta ez genuen asko disfrutatu. Aurten, zentzu horretan, lasaiago geunden. 

Olaztin giro polita egoten da goiz goizetik.
Bai, autoen egiaztapenetik, 9:00etatik aurrera jendea biltzen hastean da. Egun polita da. 

Ikuslea bazina non jarriko zinateke?
Altamirako jaitsieran, zalantzarik gabe. Jende gehiena herrian egoten da, autoa bertan aparkatu eta asko ibili gabe bihurgune eta gauza asko ikusi ahal dituzulako. Helmugan ere jendea biltzen da. 

Sakana Motorsporteko kide gisa, nola dago eskuderia? Jende nahikoa zaudete?
Beno... Urte asko dira eta bakoitzak badaki zer eta nola egin behar duen. Gure artean oso ondo moldatzen gara, makineria martxan dago. 

Sari ematea plazan egin zen.
Bai, iaz hasi ginen bukaeran autoak plazan uzten eta sari ematea herri erdian egiten, probatzeko. Oso ongi joan zen eta aurten ere errepikatu dugu.

Aurtengo helburua zein da?
Etxeko probak. Olaztiko Rallysprintean dena ongi badoa Lazkaoko Rallya egin nahiko nuke. Orain arte ez naiz Rally batean aritu, eta probatu nahi dut, kilometro asko egiten direlako eta hori zer den bizitzeko. Eta, jakina, Urbasako Igoera. Nahiz eta igoerak asko ez gustatu, Urbasakoa derrigorrezkoa da.