Portugalen arrakasta izan zuen Olatzagutiko ihoteak

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko apirilaren 24a

Europako beste 68 talderekin batera topaketa batean parte hartu zuen. 

Bemposta herriak VI. Aitzinako Errituen Nazioarteko Topaketa hartu zuen apirilaren 17tik 19ra. Europako hainbat herrialdeetatik joandako 68 taldek parte hartu zuten, tartean Olatzagutiko ihote taldea. Herritik 30 olaztiar, tartean gazte asko, abiatu ziren ostiralean eta Bempostan afaltzeko garaian iritsi ziren. Larunbatean goiz altxatu eta herrian zegoen artisau azokan ihoteko kamisetak saltzen aritu ziren olaztiarrak. Dantzariak ere ikusi zituzten. 1.200 pertsonendako herri bazkarian parte hartu zuen segizio olaztiarrak. 

Ihotea erakusteko garaia 15:00etan iritsi zen. Talde guztiak eszena toki handi baten paretik pasa eta han aurkeztu zituzten. Abiatzen 64. taldea izan zen olaztiarra. Ondoren herrian barne desfilea egin zuten gainerako talde guztiekin batera. Adelaida Kintanak adierazi duenez, "desfilean desberdintasun eta barietate handia zegoen. Ikusgarria ziren hango koloreak eta abarrak. Zaldiak ere izan ziren". Olazti ihotekoak elkarrekin joan ziren, baina hiru taldetan banatuta: zamar handiak, zamar txikiak eta neskak eta Mari Arroka. "Mari Arrokaren inguruko azalpenak adi entzun zituzten. Desfilean zehar polka dantzatu genuen eta jendea dantzara atera genuen. Harreman horregatik pozik zeuden gurekin, oso eskertuta", azaldu du Kintanak. Herrian barnako ibilbidea despedituta, kontzertuak eta afaria izan ziren. 

Olatzagutiko Ihote elkartekoak pozik bueltatu ziren Portugaldik, batetik, herria ordezkatu eta bere  ihotea ezagutzera emateagatik. Bestetik, gainerako taldeekin ihotea partekatzeagatik . Eta, azkenik, asko gozatu zutelako.