Quesos La Vasco Navarrak Mikel Irujo Amezaga Nafarroako Gobernuko Industriako eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariaren bisita jaso zuen. Olatzagutiako lantegian enpresako arduradunek beraien jarduera, ekoizpen gaitasuna eta azken urteotan izan duen bilakaera erakutsi zioten kontseilariari. Ramon Perez de Albeniz eta Gorka Perez de Albenizen zuzendaritzapean dihardu enpresak. Tokiko merkatuan hasi zen lanean, esparru horretan posizio sendoa du. Eta, ondoren, atzerriko merkatuetara zabaldu zuen bere esparrua. Enpresako arduradunek kontseilariari beraien errealitatearen berri eman eta bizi duten unea zein den azaltzeko baliatu zuten.
Irujok lurraldean hazi eta kanpoan lehiatzeko gai diren enpresek Nafarroarendako duten balioa nabarmendu zuen. "Quesos La Vasco Navarra bere jarduera industriala sendotzen, enplegua sortzen eta Nafarroatik nazioarteko merkatua irekitzen jakin duen enpresa baten adibidea da. Errotzea, lehiakortasuna eta egokitzapena uztartzeko gaitasun hori bereziki garrantzitsua da nekazaritzako elikagaien sektorean".

Enpresak 300 erreferentzia baino gehiagoko katalogo bat du, hainbat kanaletara bideratuta: banaketa handira, kate handiak, ostalaritzara eta industriara. Ibilbide horrek aukera eman dio bere eskaintza gero eta anitzagoa den merkatu batera egokitzeko eta bere jardueraren etengabeko bilakaerari eusteko.
Bilakaera hori prozesuetan, produktuan eta ontziratzean hobekuntzak txertatzean ere oinarritu da, baita merkatuaren eskaera berriei arintasunez erantzutearen aldeko apustua egitean ere. Era berean, La Vasco Navarra gazta Idiazabal Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko kide da, eta enpresak pisu handia du gazta horren merkaturatzean, bai tokiko, bai nazioko eta nazioarteko mailan.
Jardunaldiari esker, kontseilariari Nafarroako ekoizpen-sarean pisu handiena duen sektoreetako baten parte den eta Olatzagutiatik etengabe hazten ari den enpresa baten errealitatea hurbildu ahal izan zaio, bereziki Sakanako zonaldean, non nekazaritzako elikagaien sektorearen pisua nabarmen hazten ari den.
Nafarroako Gobernuak Quesos La Vasco Navarra enpresari 437.504 euro eman dizkio 2019tik, besteak beste, inbertsiorako, lehiakortasuna hobetzeko, energia-kostuetarako, digitalizaziorako eta merkataritza-misioetarako laguntzen deialdi gisa.