Astekaria

Olaztiko Rallysprinta festa polita izan zen; sakandarrak, ederki

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 4a

Inoiz baino sakandar gehiago lehiatu ziren. Alberto Villar eta Eneko Unanua (BMW E36 M3) izan ziren lehenak, scratchean laugarren, Iker Sein eta Olatz Aizpioleak (BMW M3) agindutako proban.

Motor hotsak, gasolina usaina eta festa giroa. Sakana Motorsportek antolatutako VII. Olaztiko Rallysprintean lehiatu ziren 43 taldeen ikuskizunarekin gozatu ederra hartu zuten Olaztin bildu ziren zaleek.

Olaztiko industrialdeko behealdetik hasi zen proba, 13:30ean. Eskuderiak prestatutako 5,39 kilometroko eremuak denetatik zuen: autoek Olaztiko eliza pareko kale estuetan gora egin zuten, errepidera sartuta Clinker pareko chicane-a egin, eta Olaztiko kiroldegiaren atzetik Urbasako errepidera atera ziren, Altamira igo eta jaisteko. Eremua lau aldiz osatu behar izan zuten.

Goizeko egiaztapenetatik sari emate ekitaldira arte, jendetza bildu zen Olaztin

Top 10-a
BMW-ak izan ziren protagonistak. Txapeldunak Ziharka Sporteko Iker Sein eta Olatz Aizpiolea (BMW M3) izan ziren (15:14.8), Ioar Motorsporteko Jose Migel Bakedano eta Aroa Anuarberi (BMW E46 320i) 5 segundo aterata (15:20.6). Sakana Motorsporteko Alberto Villar eta Eneko Unanua (BMW E36 M3) izan ziren lehen sakandarrak (15:38.5), scratchean edo sailkapen orokorrean laugarren, eta euren klasean, hamargarrenean, bigarrenak. Escuderia Aguraingo Andoni Perez de Villarreal pilotua eta Eneriz Besga kopilotu olaztiarra (Renault Clio Williams) scratchean zazpigarren izan ziren (16:15.8), bigarren klasean lehenak.

Ander Gurmindo eta Asier Cruz (Renault Clio Sport) scratchean hamazazpigarrenak izan ziren (16:31.6), bosgarren klasean bosgarrenak. Javier Goikoetxea eta Ruben Lapuente (Citroen C3N5) hemezortzigarren izan ziren (16:31.6), seigarren klasean lehenak. Josu Olmosek eta Aja Wildek (Citroen AX) 22. denbora onena markatu zuten (16:59.4), laugarren klasean hirugarrenak. Ziharka Sporteko Andoni Azpiroz pilotua eta Ekai Perez kopilotu altsasuarra (BMW E30 325) 24. izan ziren (17:06.4). Asier Juanezek eta Iñigo Galarzak (Renault Clio) 26. denbora onena egin zuten (17:25.4), lehen klasean bigarrenak. Eta, azkenik, Club Mallacina Sporteko Jose Gonzalez pilotua eta Iban Lopez de Goikoetxea kopilotu olaztiarra (Renault Supercinco) 27. izan ziren scratchean (17:43.5), bederatzigarren klasean lehenak. 

Sakana Motorsporteko hiru taldek –Jesus Perez de Obanos-Javier Rodriguezek (Seat Leon), Miguel Anton-Asier Solisek (BMW 330D) eta Garikoitz Flores-Jesus Garciak (Renault 11 Turbo)–, ezin izan zuten proba bukatu, matxurengatik.