Nafarroako Ararteko Patxi Vera Donazarrek Olatzagutiko Udalari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gomendatu die, beharrezkoa den laguntzarekin, Alduiko haitzean dagoen harrobiak sortutako zarata mailak egiaztatzeko. Araututako zarata maila gaindituko balu, Arartekoak bi erakundeei eskatu die harrobiaren ustiategirako baimendutako baldintzak betetzeko, bizilagunek gehiegizko immisiorik ez jasateko duten eskubidea babesteko eta, beharrezkoa bada, neurri zuzentzaileak sustatzeko eta hartzeko.
Bai Olatzagutiko Udalak bai departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko dute Arartekoaren ebazpena onartzen duten eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituzten.
Argudioak
Ebazpen horren atzean 48 olaztiar ordezkatzen dituen auzo kooperatibaren babesarekin eta baimenarekin Nafarroako Arartekoari ilbeltzaren 28an aurkeztutako agiri bat dago. Idatzi horren bidez olaztiar horiek kexu azaldu ziren Canteras Aldoyar SM enpresaren jarduera eta ustiapenagatik, horren ondorioz etxeetan zarata jasaten dutelako. "Harrobiak sortutako zarata gogaikarri, errepikatu eta iraunkorrak, bizilagunen atsedenari, osasunari eta bizi-kalitateari larriki eragiten diete", adierazi zioten olaztiarrek Arartekoari. Verari azaldu ziotenez, "normalean, aipatutako harrobia 07:00etan hasten da lanean, eta zarata handiak sortzen ditu harria ehotzearen eta makina astunak erabiltzearen ondorioz. Zarata horiek argi eta garbi entzun daitezke aldameneko etxebizitzetan, bizilagunak esnatu eta atsedena eragozten diete, baita leihoak itxita ere. Egoera hori astelehenetik ostiralera errepikatzen da, eta bereziki sentikorra den ordu tarte batean gertatzen da".
Kexa Arartekoari aurkeztu dioten olaztiarrek gaztigatu zutenez, "kooperatiba 48 bizilagunek osatzen dugu, eta eragozpen horiek zuzenean eragiten digute guztiei. Gure ustez, egoera horrek atsedenerako, osasunerako eta ingurune egokirako eskubidea urratzen du, bai kutsadura akustikoari buruzko araudian bai herritarren ongizatea babesteko oinarrizko printzipioetan aitortutako eskubideak", azpimarratu zuten. Kexa aurkeztu zuten herritarrek gaineratu zutenez, "Olatzagutiko Udalari hainbat aldiz eman zaio arazo horren berri. Hala ere, orain arte ez da neurri eraginkorrik hartu harrobiaren jardueraren inpaktu akustikoa zuzentzeko, mugatzeko edo kontrolatzeko, eta ez da konponbide egokirik eskaini auzotarren atsedenarekin bateragarriak diren zarata mailak betetzea bermatzeko".
Arartekoari hiru eskaera egin zizkioten. Aurrena, egoera azter zezala. Hurrena, kutsadura akustikoaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela egiaztatzea. Eta, atzena, "eragindako bizilagunen atsedenerako eta osasunerako eskubidea babesteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatzea eskumena duten administrazioei".
Emandako pausoak
Arartekoak, informazio eske, hiru administrazioengana jo zuen: Olatzagutiko Udala, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua. Herritarren kexaren inguruan galdetuta, Olatzagutiko Udalak Arartekoari erantzun zion, batetik, udal erregistroan auzotarren edo aipatu kooperatibaren kexa edo eskaera ofizialik ez zegoela. Bestetik, enpresaren jarduera erauzketa dela eta, beraz, hura "Industria Antolamendu, Energia Azpiegitura eta Meategien Zerbitzuaren pean dago, Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketako Zerbitzuaren esku-hartzearekin". Azkenik, eskatutakoa udalaren eskumena ez zela eta kexaren berri Nafarroako Gobernuko zegokion departamentuari eman ziola jakinarazi zuen.
Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak Arartekoari esan zion, legearen arabera Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Ekonomia Zirkularreko eta Berrikuntzako Zerbitzuari dagokio zaratei dagokionez industria-jarduerak kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumena.
Azken zerbitzu horrek Nafarroako Arartekoari jakinarazi zionez, “Canteras Aldoyar SMren jarduerak jarduera sailkatuaren lizentzia du, eta ez du ez ingurumen-baimen integraturik, ez ingurumen baimen bateraturik. Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen 2020ko abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 67. artikuluaren arabera, Olaztiko Udalari dagokio jarduera sailkatuaren lizentzia behar duten jarduerak kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumena".
Hala ere, Ekonomia Zirkularreko eta Berrikuntzako Zerbitzutik jakinarazi zutenez, "aipatu legean bertan ezarritako administrazio-lankidetzaren esparruan, Departamentu hori Olatzagutiko Udalarekin koordinatzen hasi da, eta haren esku geratzen da 1367/2007 Errege Dekretuaren arabera soinu immisioaren muga-balioak egiaztatzeko behar duen laguntza teknikoa”.
Verak gogorarazi duenez, "jurisprudentziak nabarmendu du zaratak herritarren eskubideetan izan dezakeen eragin negatiboa, bereziki etxe-eremuan (ingurumen egokirako eskubidea, osasunerako eskubidea, gehiegizko zaratarik gabeko etxebizitza izateko eskubidea eta etxeko bortxaezintasunerako eskubidea)".
Arartekoak ondorioztatu duenez, "zalantzarik gabe, aipatutako jarduerak, bere garapen-moduaren arabera (intentsitatea, maiztasuna, ateratze ordutegiak), soinu-akustiko nabarmena izan dezake ingurunean". Gaineratu duenez, "administrazioaren jarduna eraginkortasun printzipioaren mende dago, eta horrek eskatzen du esleitutako administrazio ahalak arduraz betetzea, jarduerak kontrolatzeko ahalak barne, eta lortu beharreko helburuak azkar betetzea". Horregatik guztiagatik, Arartekoak "egokitzat jo du udalari eta departamentuari gomendioa egitea".