Munduko jolasen bidez Olatzagutia gehiago ezagutzeko aukera eskaini dute

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko maiatzaren 27a

Hainbat olaztiar eta antolatzaileak. Guztiek parte hartzeko deia egin zuten aurkezpenean.

Ekainaren 7an, igandea, Olaztiko Ludotekaren aurrean, ginkana antolatu du Akelarre ludotekak eta Sakanako Mankomunitateak. Izena ematera gonbidatu dute. 

Munduko Jolasak izeneko ekimena izanen da ekainaren 7an, igandea, 12:00etan, Olaztiko Akelarre ludotekaren parean. Akelarre ludotekak eta Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun zerbitzuak antolatu dute, eta Aintzane Bengoetxearen "ezinbesteko" laguntza izan dute. Izena emateko 648 070 710 edo 638 416 898 zenbakietara hots egin, anitzartean@sakana-mank-eus edo akelarreludoteka@gmail.com helbideetara idatzi edo Pako harategian edo jubilatu elkartean egin daiteke. Epea maiatzaren 29an despedituko da.  

"Olatzagutian barna eginen den ginkana ez lehiakorra" izanen dela argitu du Susana Aiestaran Ijurko ludotekariak. Gaineratu duenez, "ginkana horretan hainbat herrialdeetako jolasetan jolastuko gara, horregatik "munduko". Herria zazpi gunetan banatuta egonen da eta gune bakoitzean herrialde bateko jolasak egonen dira: Ukraina, Senegal, Maroko, Sahara, Nikaragua, Kuba eta Olatzagutia".

Zehaztasun gehiago eskatuta, "ginkana horrek bi berezitasun ditu", aurreratu du ludotekariak. "Gune bakoitzean talde bakoitzak hurrengo gunera joateko pista bat jasoko du. Horien bidez taldekideak migratzaile baten istorioa atalez atal ezagutuko dute. Istorio guztiaren berri, beraz, ginkana bukatzean izanen dute". Aiestaranek azaldu duenez, "horren bidez, bestearen lekuan jartzen gara, eta migratzaileen egoera ezagutzeko aukera ematen digu". Zehaztu duenez, fikziozko kontakizuna izanen da, "baina errealitatean oinarritutako istorioa da", argitu nahi izan du. Bestetik, talde bakoitzari "gauzatxo bat emanen zaio. Guztiek jasotakoarekin zerbait sortu beharko dute akaberan".

Helburuak
Aiestaranek azaldu duenez, ginkana olaztiar guztiei zuzenduta dago, "batetik, lehiakorra ez delako. Eta, bestetik, jolasak aproposak direlako adin guztietako pertsonendako". Ludotekariak aurreratu duenez, "guztiok elkartzen garenean taldeak eginen ditugu. Taldeak sortzeko garaian adinak, sorterriak eta beste hartuko ditugu kontuan. Horrela taldeetan aniztasuna izanen da eta olaztiarrak elkar ezagutzeko bidea emanen du".

"Helburua ongi pasatzea da. Jolasen bidez alaitasuna, ongizatea, bermatzen dugu. Jolasten dugunean ez gaudela gure pentsamenduetan sartuta, baizik eta beste pertsona batzuekin. Eta horrek harremanak beste modu batean, dibertigarrian, egiten laguntzen digu". Olaztiarren arteko harremanak sustatzea da ginkanaren helburuetako bat. "Elkar ezagutzea, harreman berriak sortzea, beste herrialdeetako ohiturak eta jolasak ezagutzea eta, batez ere, ongi pasatzea dira helburuak". Bukaeran munduko hainbat jakiez osatutako auzate batez gozatzeko aukera izanen dute, "aho zapore onarekin bukatzeko".

Ginkana garagarrilaren 7an, domekan, 12:00etan izanen da. Hitzordua ludoteka parean jarri dute. Izena emateko 648 070 710 edo 638 416 898 zenbakietara hots egin, anitzartean@sakana-mank-eus edo akelarreludoteka@gmail.com helbideetara idatzi edo Pako harategian edo jubilatu elkartean egin daiteke. Epea maiatzaren 29an despedituko da.