Porlandegiaren "jazarpen eta beldurrarazte kanpaina" salatu dute

Guaixe 2026ko ekainaren 1a

Lanean ez zeuden langileek babestu zuten enpresa batzordea.

Laborategiko zazpi langile pairatzen ari dira kanpaina hori. Lan kategoriari buruzko epaiak irabazi ondoren haietako bi lanpostuz aldatu ditu eta besteari aurreratutako jubilazioa ukatu dio.

Cementos Portland Valderrivaseko (CPV) enpresa batzordeak (ELAko 6 ordezkarik eta UGTko 3k osatzen dute) publikoki salatu du enpresak zazpi lankideekiko martxan duen jazarpen eta beldurrarazte kanpaina. Guztiak ere produkzio prozesuaren kalitateaz arduratzen dira eta laborategian lan egiten dute. Sei langilek uste dute egiten dituzten lanak direla eta kategoria altuago bat aitortu behar zaiela: B analistak.

Hala jakinarazi zioten zuzendaritzari. Baina hark langileen eskaerari uko egin zion eta adostutako edozein negoziaziori edo konponbideri atea itxi zion. Hori ikusita, sei langileek erabaki zuten epaitegira jotzea eta dagokien kategoria aldarrikatzea. Protokoloak hala eskatuta, taldean beharrean, banaka jo zuten epaitegira.

Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, sei epaiketetako aurrenekoan epaileak oso modu irmoan eman zion arrazoia langileari. Enpresak berehala erreakzionatu zuen eta demandatzailearen alde epaiketan lekukotza eman zuen CPVko langilearen kontra egin zuen. Lekukotza eman zuen langileak kalitate sailean 30 urte baino gehiago daramatza lanean. Bada, zuzendaritzak bere "ohiko eginkizunak bertan behera utz ditzala eskatu eta, zigor gisa, harrobira lanera bidali zuen. Lekukoa izan zen langile horrek baja hartu zuen depresioagatik, eta egoera horretan jarraitzen du gaur egun ere", azaldu dute enpresa batzordekoek. 

Bi epai
Bigarren epaiketan ere epaileak langileari arrazoia eman zion, aurreneko kasuan bezala. "Enpresak, atzera ere, modu berean erreakzionatu zuen", azaldu dute enpresa batzordekoek. Hala, kategoria altuagoa aitortzea eskatzen zuen laborategiko langileari, lanpostuan 30 urte baino gehiagoko eskarmentua duena, "lanpostuz aldatzen du eta A mekanikariaren lanpostuan birkokatu zuen, txandaka lan eginaraziz bere ohiko zereginekin zerikusirik ez duen lanpostu batean", azaldu dute langileen ordezkariek.

Argitu dutenez, "egoera horren aurrean, langile horrek depresioagatik edota antsietateagatik baja hartu zuen. Gainera, langileak enpresa jazarpenagatik auzitara eraman zuen eta auzitegiak langilearen alde egin zuen zorrotz. Epaiaren arabera CPVk langileari diru konpentsazioa ordaindu behar dio eta bere ohiko lanpostutik ezin du mugitu. Gainera, gertatutakoa falta larri gisa izendatu zuen".

Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, denbora pasa ondoren, zuzendaritzak enpresa epaiketara eraman zuen eta lehen epaia irabazi zuen langilearen kontra jo zuen. "Jakinarazi zion ohiko lanpostua utzi behar zuela, txandakako A mekanikariaren lanpostura aldatuko baitute".

Jubilazio aurreratuarena
Kategoria aldaketa eskatu zuen eta oraindik epaiketarik izan ez duen sei langileetako batek 61 urte bete ditu maiatzean. Horregatik, enpresako langileen sailera joan zen jubilazio partziala eskuratzeko dokumentazioa aurkeztu eta jasotzera, ondoren agiri horiek Gizarte Segurantzari eman nahi zizkion erretiroaren tramitazioa egiteko. Zuzendaritzak agiriak ukatu egin zizkion.

Enpresa batzordekoek azaldu dutenez, "manufakturen errelebo kontratua lan hitzarmenean jasoa dago. 2022. urtez geroztik 61 urte edo gehiago, 6 urteko antzinatasuna enpresan eta 33 urte kotizatu dituzten langile guztiak manufaktura errelebo kontratuari heldu diote, eta orain arte ez dute inolako arazorik izan". Errelebo kontratua eskatu zuen langileak baldintza guztiak betetzen dituela gaztigatu dute enpresa batzordekoek.

Langileen ordezkariek adierazi dutenez, "ezin ditugu enpresaren beldurra eta errebantxa ekintzak onartu". Horretaz gainera, porlandegiko zuzendaritzari hartutako erabakiak "zuzen" ditzala eskatu diote, "ekintza horiek enpresaren eta langileen arteko lan-harremanak are gehiago tenkatzen eta hausten baino ez baitute laguntzen". Ostiralean, maiatzaren 29an, langileek batzarra eginen dute eta lanuzteak egiteko aukera mahai gainean izanen dute.