Cementos Portland Valderrivasen (CPV) Olatzagutiko porlandegiko enpresa batzordeak (ELAko 6 delegatu eta UGTko 3) deituta, langileak astelehenetik asteazkenera greba egin eta lantokia geldiarazi dute. "105 langile gara, 75 lan hitzarmenaren barruan gaude. Gainontzekoetatik hamar bat egon dira lanean". Greba egiteko arrazoietako bat da "enpresak gure zazpi lankideren kontra egiten ari den jazarpen eta beldurrarazte kanpaina" salatzea. Izan ere, lanpostuan egiten duten lanagatik kategoria altuagoa dagokiela uste dute laborategiko zazpi langilek. Zuzendaritzak horri uko egin zion. Langileak, banaka, epaitegira joan eta epaileek bitan langilearen alde egin dute. "Ondorioz, bi langile horiek eta lekuko bat bere ohiko lanpostuetatik kendu zituen zuzendaritzak". Gainera, beste langile bati lan hitzarmenean jasota dagoen errelebo kontratua ematea ukatu zion. Enpresa batzordeko kideek esan dutenez, "grebaren babes zabalak langileen kezka eta haserrea agerian uzten ditu. Jendea animatuta dago. Jazartuak babestuta sentitzen dira. Hau ez da epaitegietan konpontzen, lantegian hizketan baizik".
Greba deialdiaren atzean ere zuzendaritzak produkzioa azpikontratatzeko duen asmoa dago. Zuzendaritzaren beste asmoa da lan hitzarmena gutxienera murriztea ahalik eta langile gutxien hartzeko. Horren kontra daude langileak.
Bestetik, lan hitzarmenaren negoziazioa erabat geldituta dagoela. "Negoziazioan ez dago benetako aurrerapenik. Zuzendaritzari exijitzen diogu negoziazioei benetako bulkada ematea", adierazi dute langileen ordezkariek. Grebaren ondoren zuzendaritzarekin bilera eskatuko du enpresa batzordeak. Gaztigatu dutenez, zuzendaritzaren aldetik "ez bada aurrerapausorik ez hitzarmenean ezta jazarpen salaketetan ere, gatazkak beste pauso batzuk egin ditzake".
Grebalariek CPVko Madrilgo enpresa batzordearen ordezkarien elkartasun bisita jaso dute. CPVk akziodunen batzarra du hilaren 24an eta Madrilen protesta egitea aztertzen ari dira.