Sakana Bizirik plataformak deituta erraustegiari ez, herritarron hitza errespetatu leloa zuen manifestazioa egin zen Altsasun garagarrilaren 7an. Haren bidez salatu zuten Nafarroako Gobernuak Cementos Portland Valderrivas enpresari Olatzagutiko porlandegian biomasa erretzeko baimena eman ziola 2025eko maiatzaren 26an. Sakana Bizirik plataformako kideen iritziz, "proiektu hori ez da soilik industria azpiegitura berri bat: gure osasuna, gure ingurumena eta gure etorkizuna daude jokoan".
Plataformakoek lau eskaera egin zituzten. Lehen-lehenik, "aurretik proiektua bertan behera utzi zen moduan berriz ere, orain ere erraustegiaren proiektuaren etetea" eskatu zuten. Horrekin batera, "hondakinen kudeaketa jasangarri eta arduratsua sustatzeko politika publikoak exijitzen ditugu". Aldi berean, "herritarren osasuna eta ingurumena interes ekonomikoen gainetik jartzea" exijitu zuten. Eta, azkenik, "Sakanaren etorkizuna komunitatearen borondatearekin eta natura errespetatuz eraikitzea defendatzen dugu".
Argudioak
Manifestazioaren deitzaileek salatu zuten proiektuak "gardentasun falta nabarmena" duela eta "benetan zer erregai erre nahi dituzten" jakin nahi dutela gaineratu zuten deitzaileek. "Argi dugu Cementos Portland Valderrivasen helburua etorkizunean hondakin kutsagarriak edo toxikoak erretzea, hondakinak erretzean dagoelako benetako negozioa. Ez dugu onartzen informazio iluna eta kontrol faltan oinarritutako proiektu bat", adierazi zuten Sakana Bizirik plataformako kideek. Ondorioei ere erreparatu zieten: "erraustegiek airearen kalitatean duten eragina ez da txantxa. Partikula kutsagarriak, gas toxikoak eta bestelako emisio kaltegarriak sor ditzakete, eta horien ondorioak zuzenean pairatzen dituzte inguruko herritarrek. Sakanan urteetan naturaren, mendien eta bizi kalitatearen alde egin dugu; ezin dugu onartu interes ekonomiko batzuk gure osasunaren gainetik jartzea".
Deitzaileen nabarmendu zutenez, Cementos Portland Valderrivasen proiektua "ez dator bat benetako trantsizio ekologikoarekin. Etorkizuna ez da gehiago erretzea, baizik eta hondakin gutxiago sortzea, energia garbiak sustatzea eta tokiko baliabideak modu jasangarrian erabiltzea". Horretaz aparte, "biomasa edo balorizazio hitzen erabilera anbiguoa" salatu zuten. Gaineratu zutenez, "biomasa etiketa berde baten atzean ezin dira ezkutatu kutsadura eta arriskuak".
Azkenik, plataformako kideek "informazioa, gardentasuna eta parte hartze erreala" eskatu zituzten: "ez dugu erabaki hau gure gainetik inposatzerik onartuko. Sakanak merezi du arnasa garbia, natura zaindua eta herritarren iritzia errespetatuko duen etorkizuna".