Larra bideak deitzen da Iñaki Larrayoz Olaztin bizi den musikariaren bakarkako lana; 2019. urtean kaleratu zuen lehenengo diskoa, eta orain Larra bideak II kaleratu du. Hausnarketetatik sortutako sei abestiz osatzen da diskoa. Oraingoan, gainera, ez da bakarrik egon. Ekainaren 12an LABAn aurkeztu zuen, eta ekainaren 25ean Larraintzarko Zentro Zibikoan emanaldia emanen du, "ea Sakana aldean zerbait antolatzeko aukera dugun".
'Larra bideak II' kaleratu duzu, zergatik orain?
"Nire buruarekin borrokan nengoen; nahi nuen zerbait atera, baina ez zegoen modurik"
Atera denean. Urte batzuk kanpoan bizitzen egon nintzen eta ordura arte hainbat taldetan gitarrista izan nintzen, eta zenbait abesti konposatzen lagundu nuen arren, beti izan dut grina hori zerbait egiteko, eta aurrera jauzi bat egin nuen. Horrela atera zen lehenengoa. Urte pare batez egon ginen jotzen eta justu itxialdia etorri zen. Itxialdia eta gero beste lanbide proiektu batean sartu nintzen; musika instrumentuak eta tresneria konpontzeko tailertxo bat daukat, eta burubelarri egon naiz horretan. Egia esan, bizitzak ez zidan gehiagorako ematen. Baina nire buruarekin borrokan nengoen; nahi nuen zerbait atera, baina ez zegoen modurik. Pixkanaka ideiak pilatzen joan nintzen eta duela pare bat urte zerbait zegoela eta diskoa prestatzen hasi nintzen.
Zer da 'Larra bideak'?
Nire proiektu txiki bat da. Kantuak txikiak dira, dena nahiko xumea da; azkenean, nire buruko ideietatik edo bakarrizketatik sortzen diren kontuak dira. Ez dut ezer berezirik bilatzen. Xumea eta lasaia da. Kantak hortik sortzen dira. Ez da ezer zehatza. Nik uste inkontzienteki bertan islatzen ditudala nire ideiak, pentsamenduak edo momentuan pasatzen zaidana. Kanta batean biltzen dut. Bertan gelditzen da.
Nola sortzen duzu?
Nik betidanik jo izan dut gitarra. Gitarratik sortzen dira kanta gehienak. Egunaren bukaeran edo eguna hasteko tartetxo batzuk hartzen ditut gitarra jotzeko eta hortik joaten dira hazi txikitxoak ateratzen. Ez dut jotzen sortzeko; jotzen dut gustatzen zaidalako. Zerbait interesgarria ateratzen dela konturatzen banaiz, ideia txiki hori grabatzen dut. Behin ideia multzo bat dudanean, entzuten ditut berriz eta agian lehen sekulako ideia iruditzen zitzaidana, ez da horren ona, eta besterik gabe iruditzen zitzaidana ibilbide gehiago dauka eta kanta forma hartzen du.
"Ongi islatzen duen irudia da etxean afaldu aurretik lasai joko zenukeen musika"
Nola definituko zenuke zure musika?
Oso txarra naiz horretan. Ez dakit. Beste diskoa bai folkagoa zela; hau anbientalagoa da. Ongi islatzen duen irudia da etxean lasai afaldu aurretik edo ondorengo tartetxo horretan joko zenukeen musika. Intimoa izan daiteke hitz bat.
Zer aldatu da lehenengo diskotik bigarrenera?
Desberdinak dira; kantuak desberdinak dira. Ez dakit estilo aldaketa den edo beste nonbaitera jo duten. Horrela nahi nuelako ere. Aurrekoa goitik behera nik egin nuen; hitzak lagun batekin egiten ditut, Iñigo Astiz, bai aurrekoan bai honetan. Aldiz, bigarren disko honetan talde batekin egon naiz lanean eta gitarristak, Ibai Gogortzak, egin du diskoaren ekoizpena. Orduan, kanta batzuk ere berarekin lan egiten aldatu dira eta batzuk beste norabide bat hartu dute. Beste batzuk, aldiz, mantendu dira. Azkenean, taldekide guztiek elkarrekin beste talde batean jotzen dute, eta bere dinamikak eta lan egiteko moduak dituzte. Orduan, dinamika horietaz, ez dakit kutsatu den hitza, baina ideiak hortik datoz dira ere.
Beraz, bakarkako lana da, baina ez zara bakarrik egon.
Kasualitatez izan zen. Ez zen pentsatu nuen zerbait izan. Lehenengo diskoa nik osatu nuen, baina bateria jole batekin egin nuen grabaketa eta grabatu aurretik entsegu bakarra egin genuen. Pena izan nuen aurretik ez genuelako gehiago landu. Orduan, bigarrenerako pentsatu nuen ea norbait engainatzen nuen, hitza hori batzen, engainatu. Ea norbait inplikatzen zen zerbait egiteko eta jotzeko. Nire lehenengo ideia zen bateria jole batekin egitea. Konposatzerakoan baxua jotzen dut, teklatua, ideia garatzeko ahalmena daukat, baina gero jotzeko ez. Orduan, Mattin Arbelaiz bateria jolearekin kontaktuan jarri nintzen eta beste lagun baten bidez eta animatuko zela esan zidan. Ideiak partekatzea ez dago gaizki. Ibai Gogortza ere aurretik ezagutzen nuen; tailerrera gauzak konpontzera etorri zian da, eta planteatu nion. Bueltak eman zizkion eta baietz, animatuko zela. Bi hauek elkarrekin talde batean jotzen dute eta taldean ere Iñigo Telletxea dago. Aipatuko ziotela esan zidaten eta baietz esan zuen. Bat-batean talde bat nuen nire ondoan diskoa grabatzeko. Denak Berakoak dira, Malerrekakoak, eta Iñigo Irazoki diskoa grabatu duen teknikaria ere nahiko ezagutzen dut, eta inguru horretan ibiltzen gara.
Zeri buruz hitz egiten dute abestiek?
Kanta bat hausnarketa baten inguruan ematen dizkio bueltak. Esaterako, Esaidazu da lehenego abestia, eta ezetz esatearen horren beharra sentitzearen inguruan hitz egiten du. Batzuetan izaeragatik edo lan egiteko duzun moduagatik inportantea da ere ezetz entzutea. Kidek laguntasunaren inguruan hitz egiten du, bizitzaren gorabeherak direla eta batzuetan lagunak urruntzen dira eta beste batzuk agertzen dira. Konturatu gabe gertu dagoen jendea dagoeneko ez dago, orduan pentsatzen duzu zer gertatu da hemen eta zergatik jarraitzen du horrela izaten. Horrelakoak. Nolabait egoeraren analisi bat dira.
Nolakoak dira zuzenekoak?
Zorionez nirekin grabatzen parte hartu duten musikariak nirekin etortzen dira zuzenekoetara. Orain arte banaka edo binaka egiten nituen. Diskoa bukatzear zegoela esan nien jotzeko ideia neukala, eta galdetu nien ea haiek denbora zuten eta prest ote zeuden. Denborarik ez zutela baina jotzera etorriko zirela esan zuten. Talde desberdinetan jotzen dute eta teknikari lanak egiten dituzte ere. Azkeneko momentuko erabakia izan zen. Diskoa urtarrilean grabatu genuen eta lehenago atera nahi genuen. Azkenean maiatzean kaleratu genuen. Aurreko eguneko emanaldia ongi joan zen. Bakoitzaren sentsazioak desberdinak izan ziren, noski. Formatu aldaketagatik ere bai.