Ahaztu txikitako hiru gurpileko ibilgailua, haurrendako dena. Hau helduendako da. Hiru gurpil ditu eta horregatik du triziklo izena ere. Bizikletetan bezala, pertsonen propultsioaren eraginez mugitzen da. Hona ekarriko ditugun trizikloek bi gurpil aurrean dituzte eta hirugarrena atzean. Aurreko bi gurpilen aurrean aulki bat dago eta bi pertsona eser daitezke bertan. Haien atzean dagoen gainontzeko guztia bizikleta bat bezalakoa da: eskuleku zabal bat, pedalak, katea, abiadura aldagailua eta aulkia. Horren gainean esertzen da gidaria eta bere pedal kolpeekin aurrera egiten du trizikloak. "Guztiek bateria bat dute. Triziklo handiak dira eta bi pertsona eraman daitezke. Pisu handia da bakar-bakarrik pedalekin mugitzeko, esaterako, aldapa gora batean". Estibaliz Diaz Diaz de Espada halako trizikloen gidaria da.
Diazek azaldu duenez, trizikloak gidatzea "oso erraza da. Baina trizikloak erabiltzeko ikastaro bat egin behar duzu, nola mugitu jakiteko". Gidariaz aparte bi pertsona doazenez trizikloan segurtasun neurriak jakitea ezinbestekoa da. Ikasi beharrekoa ikasita, gidari boluntarioa izateko aukera dago. "Oso gustura ibiltzen naiz. Berezia eta polita da", esan du Diazek. Halako trizikloetan eramaten dituzten pertsonak dira adinekoak, gaixo daudenak, desgaitasuna edo mugikortasun arazoak dituztenak.

Trizikloak Urbasan
Corellako Biciclistas taldeak Urbasara irteera antolatu zuen eta 52 pertsona etorri ziren autobusean maiatzaren 17an. Gainera, furgoneta batean bi yayacleta edo triziklo ekarri zituzten. Haiekin bat egin zuten Olatzagutitik joandako seik: Diaz, Iban, bere gurasoak eta Josu anaia eta Manoli. guztiek Ubabako aparkalekuan bat egin zuten.
Erriberatik ekarritako trizikloei esker Manolik eta Josuk Ameskoako Limitazioak mendian barna trizikloetan ibiltzeko aukera izan zuten. Abereak ere bidera atera zitzaizkien sei km-ko ibilbidean. Manolik ELA gaitza du. "Bizikleta asko gustatzen zaio, baina orain ezin da ibili", azaldu du Diazek. Josuk, berriz, bizikleta istripu baten ondoren Toledoko ospitale berezian errehabilitazioa egiten hilabete asko eman ditu. "Pixkanaka hobera egiten ari da, ibiltzen da, baina bizikleta ezin du hartu. Urbasakoa biendako opari izugarria izan zen", azaldu du Diazek. "Biak esperientzia errepikatzeko gogoz daude", gaineratu du.
Udaz aparte, udaberrian edo udazkenean ere trizikloak erabil daitezkeela azaldu du gidariak. "Arropa gehiago edo manta bat jarri behar dute bidaiariek udaberriko edo udazkeneko egun batzuetan".

Onurak
Trizikloan joaten diren pertsonen animoa eta bizi kalitatea hobetu egiten dela esan du Diazek. "Gidari eta erabiltzaileen artean hartu-emana, elkarbizitza, izaten da. Helduei asko gustatzen zaie haizea eta abiadura sentitzea eta leku berriak ikustea. Batzuk ezin dira mugitu edo ia-ia ezin dira ibili eta haiendako oso berezia da. Gainera, bizikleta batetik dena desberdin ikusten da. Egia esan terapeutikoa da", laburbildu du.
Trizikloan joaten direnak ez dira isilik joaten, elkarrizketak eta loturak sortzen dira bidaiarien eta haien eta gidarien artean. Harreman berriak. Batzuetan baita trizikloa pasatzen ikusten duten herritarrekin ere, trizikloak jakin-mina pizten baitu. "Trizikloan doazen batzuk abesten hasten dira. Hitz egiten joaten dira besteak. Batzuek ia-ia ezin dute hitzik egin. Denetarik dago. Baina gidari eta bidaiarien arteko interakzio horiek dira gauzarik politenak". Diazek azaldu duenez, "beti bezala, ematen dugunean jasotzen dugu". Eta gidariek ere jasotzen dute berea, istorioak partekatzea edo pedalkadak emateagatik pertsonak zoriontsu egitea besteak beste. Parte hartzea eta gizarte kohesioa dira triziklo ibilbideek sustatzen dituzten balioetako batzuk.

Bizikleteroak
Diaz erakunde bateko kidea da: Gasteizko Bizikleteroak Elkarteak, Gasteizko Hiri Txirrindulariak. Elkarteak Arabako hiriburuan bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatzen du. Horrekin batera, bizikleta erabiltzaileen interesak eta eskaerak defendatzen ditu. Horretarako, hitzaldiak, proiekzioak, ibilaldiak eta kontzientzia hartzeko ekitaldiak antolatzen dituzte. bizikleteroak.org webgunean jaso daiteke taldearen jardunaren berri.
Diazek esan duenez, "Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin lan handia egin genuen trizikloak hona ekartzeko". Gaineratu duenez, "trizikloak udalarenak dira eta adinduen egoitzetan dituzte. Boluntarioek noiz duten posible jakinarazten dute, esaterako: astelehenetan halako ordutatik holako ordutara. Zerrendan dauden boluntarioei egoitza batera joateko eta pertsona bat edo pare bat paseatzera ateratzeko esaten diete". Ordu pasa egoten dira Gasteizen edo hiriburuko eraztun berdean barna trizikloan. Bidaiariak bizi ziren tokiak bisitatu, aspaldi egon gabeko tokietara joan edo hirigintza eraldaketak ezagutzeko aukera ematen dute triziklo ibilbideek. Beste hiri batzuetan ekitaldietara joateko garraiobidea da trizikloa.

Proiektua
Trizikloena nazioarteko mugimendu bat da Adinik Gabeko Txirrindularitza izena duena. Ole Kassowek Kopenhagenen (Danimarka) sortu zuen 2012an eta gaur egun 52 herrialdetan dago.
Diazek esan duenez, "halako proiektuak martxan jartzeko boluntarioak eta gogoa behar dira. Elkarte edo fundazio bat egoten da normalean. Baina trizikloa duten egoitzak ere badaude". Horretaz aparte, "trizikloak erosteko dirulaguntza publiko edo pribatuak ere behar dira, ibilgailu garestiak baitira", azaldu du Diazek. Gaineratu duenez, "Pixkanaka zabaldu zen, eta orain Donostian, Gasteizen, Corellan edo Iruñean dago. Baina Sakanan ez. Eta hori nahi genuke: halako trizikloak Sakanan ikustea. Merezi du".