Uda Sakanan 2026

"Zaletasun honekin baliagarria sentitzen zara; asebetetzen du"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko uztailaren 31

Felipe Bernardo Moro saguzarrendako kutxa baten azpian.

Felipe Bernardo Moro Olazti Naturako kideak naturarekin erlazionatutako gauzak egiten ditu udan.

"Zaletasun asko ditut, baina gehien gustatzen zaidana txoriekin erlazionatutakoak dira: kabi kutxak egin, intsektuendako hotelak... Naturarekin erlazionatutako guztia".

"Txikitan naturan min handia egin genuen, eta orain egindakoa ordaindu behar dugu"

Kanpoan bizi den arren, Felipe Bernardo Moro askotan etortzen da Olaztira, eta etortzen den bakoitzean Olazti Natura taldean parte hartzen du. Hegaztiendako eta saguzarrendako kabi kutxak egiten dituzte, ibaia garbitu... "Horrelako gauzak. Txikitan min handia egin genuen karabinekin, eta orain egindakoa ordaindu behar dugu".

Bernardok "betidanik" izan du naturarekiko zaletasuna: "Baina heltzen zaren heinean konturatzen zara nola aldatu den txarrerako ingurugiroa", beraz, zerbait emateko beharretik zaletu zen naturarekiko gauzak egitera. Olazti Naturarekin, hain zuzen, duela bost urte inguru hasi ziren, pandemia garaian: "Etxean geunden eta naturan pentsatzeko momentua zela ikusi genuen".

Naturarekiko ekintza planak egiten dituzte, eta zaletasun honekin "baliagarria" sentitzen direla azaldu du Bernardok: "Ikusten duzu natura eta ingurugiroa txarrerako aldatzen ari dela, eta kabi kutxa bat egiten duzunean eta okupatzen dela ikusten duzunean, asebetetzen zara". Taldean "handia" da, "Whatsappeko taldean ia 50 pertsona gaude". Gehienak Olaztikoak dira, baina Altsasuko jendea ere badago.

Eginbeharraren arabera jende gehiago edo gutxiago egoten dela azaldu du Bernardok: "Batzuetan pare bat pertsona joaten gara, adibidez saguzarrendako kutxa bat jartzera; nahikoa da. Beste batzuetan jende asko biltzen da; udalak saguzarrak ikusteko txango bat babestu zuen, eta 60 bat pertsona bildu ginen". Duela pare bat urte ibaia garbitzeko auzolana egin zuten, eta egun batzuetan pertsona bakarra egoten zela esan du, Miguel Angel Aldaz, eta beste batzuetan zortzi pertsona inguru.

Olazti Naturaren lana ez da udara mugatzen, urtean zehar ere gauzak egiten dituzte. "Orain udan denbora gehiago dugunez, lan gehiago egiten ditugu". Esaterako, hontzendako sei kutxa egingo dituzte aurten, eta urtean zehar lokalizazioak bilatu eta jartzen joango dira. "Anarkikoa da, baina bide jakin bat jarraitzen dugu".

Birziklapena
Kabiak eta kutxak egiteko material guztiak birziklatutakoak dira: taulak, egurrak, dagoeneko erabiltzen ez diren plastikoak... "Orain gaztandegiak taula pila bat eman dizkigu, eta horrek denbora aurrezten du ez ditugulako paleak desegin behar". Hontzendako kabiak motorren estaldurarekin egin dituzte, "dagoeneko kutxa egina datorrela".

Taldeko kide baten bajeraren atean biltzen dira lanak egitera: "Victorrena, igeltseroa da, eta tresneri guztia dauka. Mahaiak kanpora ateratzen ditugu eta hor aritzen gara". Bestetik, kabi kutxak eta bestelako kabiak Ziorditik Bakaikura jartzen dituzte, "transformadore zaharretan edo ganadu nabeetan". Orain zati garrantzitsu bat datorrela esan du: "Behatzea eta jarraipena". Hortaz, lehenengo kutxak jarri dituzte eta orain kutxak okupatu diren edo ez ikusi behar dute, "unibertsitateekin harremanetan jarriko gara ere ikertu nahi duten galdetzeko".

Natura gustatzen zaion jende guztiak parte har dezake Olazti Naturan; taldea irekia da, eta are gehiago, "edozeinek egin ditzake ekarpenak; esaterako, kutxak jartzeko toki bat ikusi dutela".