Abuztuaren 6tik aurrera Urbasa-Andia parke naturaleko Marterutxo eta Zelaiaundiko bidezidorrak itxi eta Sorosgain, Morterutxo eta Bioitzako aparkalekuak ezingo zirela erabili jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak abuztuaren 4an. Arrazoia "filmaketa zinematografiko" bat izanen zela zen. Egunak pasa ahala jakin zen Disney konpainiaren film bat grabatuko zutela natur parkean, Enredados filmaren life action-a, hain zuzen.
"Disneyren fantasiazko munduak, Urbasako Sorgindutako Basoaren bideak suntsitu" dituela salatu du Olazti naturak, "hori guztia, administrazioaren oniritziarekin". Bideak eta aparkalekuak itxi ez ezik, "autopista bat" egin izana, lehorte garaian egin izana eta ingurugiroan ikasketarik izan gabe jende multzo handi bat egon izana salatu du Olaztiko taldeak, baita hainbat herritarrek ere.
Olazti Naturak azaldu duenez, Urbasa-Andia Natur Parkea legearen arabera (Foru Dekretua 267/1996, uztailaren 1) ingurugiroan ezin dira horrelakoak egin, baina azken hilabeteetan aldaketa bat izan da 21. artikuluan (Foru Dekretua 19/2026, martxoaren 4), eta konpetentzia duen departamentuari "nahi duena" egiteko ahalmena ematen zaio.
Abuztuaren azken astean desmuntatzen ari ziren, eta beste bi astez ingurugiroa birnaturalizatzen ariko direla jakinarazi dute.