Irailaren 26ean, larunbata, jokatuko da XVIII. Olazagutia Urbasa Mendi Lasterketa (16,4 km, 800 metroko desnibela). Irailaren 22ko iluntzean despeditu zen izena ematea eta Sutegitik adirazi dutenez, 160 mendi korrikalari inguru espero dira.
Lasterketa 10:00etan abiatuko da San Migel plazatik, baina 8:30ean hasiko da dortsal banaketa. Nagusien proba hasi eta berehala, 10:30ean txikienen lasterketen txanda izango da. 4 urte bitartekoendako Moto GP edo haur motorren lasterketa, eta segidan 4-7 urte, 8-10 urte, 11-13 urte eta 14-15 urte bitarteko lasterketak izango dira Olaztiko plazan.
Sutegik aurreikusten du gutxi gorabehera 11:20ak aldera iritsiko direla lehen korrikalariak. Helmugaratzea den bitartean giro ederra izaten da Olaztin, korrikalariek auzate ederra baitute zain. 13:00etan sari ematea izango da San Migel kioskoan.
Iaz Aimar Larrea antzuolarra gailendu zen (1:22:03) eta Jon Gil izan zen lehen sakandarra, helmugan seigarren (1:27:03). Emakumezkoetan Maite Etxezarretak irabazi zuen (1:35:37) Izaskun Beunza olaztiarraren aurretik (1:35:46). Beunza ikusgarri aritu zen Km Bertikalean, eta jaioterrian aritzen bada, irabazteko hautagaien artean egongo da.