Astekaria

Izaskun Beunza eta Eki Imaz, Olazagutia Urbasa mendi lasterketan profetak

Maider Betelu Ganboa

Izaskun Beunza Azazeta helmugara heltzen, atzean iloba duela.

Sutegi elkarteak antolatutako mendi lasterketan euren laugarren eta hirugarren garaipena lortu zuten Beunzak eta Imazek. 141 korrikalarik osatu zuten proba, tartean 48 sakandarrek.

Irailaren 26a korrika egiteko ezin hobeki esnatu zen: fresko eta goxo. "Baina" bakarra hostoak ziren. Ihintzarengatik umelak egotean, lurra irristakorra bilakatu zuten. "Bestela, korrika egiteko, zoragarri" zioten korrikalariek. 

Sutegi elkarteak antolatutako XVIII. Olazagutia Urbasa Mendi Lasterketan (16,4 km, 800 metroko desnibela) 153 korrikalarik eman zuten izena eta horietatik 141ek lortu zuten proba bukatzea, tartean 48 sakandarrek. Ibilbidea iazkoa zen, Portu Zaharretik igo eta Gazbide tumulua, Altsasuko portua, Bargagain, Altsasuko begiratokia, Larrakarte tumulua, Ikazkinen borda eta Urbasako begiratokitik pasa eta gero, Olaztira jaistea. 

Eki Imaz, hasieratik aurrean
Portu Zaharra igotzen aita olaztiarra duen Eki Imaz aguraindarra zegoen aurrean, Inbuluzketako Mikel Ollo oso gertu zuela. Bien artean erabaki zen lasterketa. Azkenean, Eki Imazek irabazi zuen (1:21:23), olaztiarren txalo artean. "Hasieratik indartsu hasi eta aurrean jarri naiz, Ollo atzean nuela; ordu eta erdi eman dut denbora guztian bera oso gertu nuela. Asko sufrituta, baina aldea hartu eta bakarrik iritsi naiz helmugara. Oso pozik nago; aurtengoarekin hirugarren aldiz irabazi dut" azaldu zuen helmugan, nekatuta baina gustura. "Egia esan, hemen korrika egitea, etxean korrika egitea da. Hemen familia eta lagunak ditut; beraz, Agurainen banengo bezala" gaineratu zuen.

Eki Imazek 35 segundo atera zizkion Mikel Ollori (1:21:58). Ia lau minutu pasa iritsi zen hirugarrena, Alberto Barberena lekaroztarra (1:25:38). Lehen sakandarra Iraitz Goñi arbizuarra izan zen, helmugan seigarren (1:28:45) eta bigarren beteranoa. Top10ean beste hiru sakandar sailkatu ziren: Sergio Garcia de Eulate zazpigarren (1:29:55), Gorka Acebes bederatzigarren (1:30:14), lehen olaztiarra, eta Iñaki Garmendia hamargarren (1:31:53). 

Izaskun Beunza, pozarren
Emakumeetan Izaskun Beunzaren izena zegoen kiniela guztietan eta olaztiarra izan zen irabazlea (1:39:14), Bidania-Goiatzeko Irene Iturriari 2 minutu pasa aterata (1:41:41). Maite Zabaleta etxarriarrak osatu zuen podiuma (1:47:49), eta lehen beteranoa izan zen. Top10ean Iosune Urra irintarra zazpigarren izan zen (1:54:49), Uxue Seminario irurtzundarra zortzigarren (1:55:06) eta Andrea Aristu olaztiarra bederatzigarren (1:59:55).

Aurreko asteburuan Uharte Arakil Beriain Km Bertikalean lan ikaragarria egitetik zetorren Izaskun Beunza. Bertikalean bosgarren emakumea, lehen beteranoa eta lehen sakandarra izan zen (54:03). "Bertikala lasterketa ezberdina da; badakizu zein pauso egin behar dituzun, eta zu erlojuaren kontra aritzea da. Marka ona egin nahi baduzu, lehenengo momentutik gogor eman behar diozu. Beste sufrimendu bat da. Olaztin, aldiz, lasaiago atera naiz, eta eskertu dut" azaldu zuen helmugan. Portu Zaharra bigarrenaren atzetik igo zen. "Momentu batean iruditu zait ongi nihoala eta aurreratzea erabaki dut. Zorionez, ez dut berriro ikusi, eta oso ongi!" 

Aurtengoarekin Olazagutia Urbasa laugarrenez irabazi du Beunzak. "Ongi sentitu naiz, gustura. Herrian beste zapore bat du garaipenak. Denek animatzen zaituzte, eta zoriontsu sentitzen zara. Bazkaria dut lagunekin eta ospatuko dugu". 

Arnasa ongi hartzea zer ote den
Izaskun Beunzak sudur arnasketa landu du eta hobekuntza nabarmena izan duela kontatu zuen. "Osasunako jokalari ohia den Oier Sanjurjorekin sudur arnasketa prozesu bat egin nuen. Izan ere, nik txikitatik ahotik hartzen nuen arnasa. Ebakuntza bat egin zidaten, eta uste dut ordutik haizea ahotik hartzera ohitu nintzela. Irakurri nuen ez zela onuragarria, arnasketa funtzional bat izateko arnasa sudurretatik hartu behar dela, eta horregatik sudur arnasketa lantzen hasi nintzen". 

Onurak erabatekoak izan omen dira. "Prozesu hori egiten hasi nintzenetik, askoz hobeki egiten dut lo, hobeto deskantsatzen dut, eta dena lotuta dagoenez, hobeki jaikitzen zara, entrenamenduak hobetu ditzakezu eta ordutik markak hobetzen ari naiz. Iaz pistako marka guztiak hobetu nituen. Ez dakit nire onenean nagoen; pozik nago. Gorputzak jarraitzen dit, buruak ere bai, eta gogoa ere badudanez... gauza politak ateratzen ari dira". Hemendik aurrera kros denboraldia prestatzen hasiko da. Tartean, Altsasuko Krosa abenduaren bigarren asteburuan jokatuko da. 

Sakandarrak

Gizonak
1. Eki Imaz 1:21:23
6. Iraitz Goñi 1:28:45
7. Sergio Garcia de Eulate 1:29:55
9. Gorka Acebes 1:30:14
10. Iñaki Garmendia 1:31:53
18. Joxeja Maiza 1:38:00
22. Raul Audikana 1:38:55
28. Iosu Urriza 1:43:05
32. Mikel Galarza 1:44:45
35. Antton Zelaia 1:45:13
37. Felix Benjumea 1:45:50
44. Santi Galarza 1:48:05
45. Iñaki Garcia 1:48:31
46. Roberto Ziordia 1:48:44
47. Ioseba Iza 1:48:55
59. Asier Amiama 1:52:00
65. Eneko Garasa 1:52:37
69. Andoni Barrena 1:53:31
70. Amaiur Arratibel 1:54:20
73. Mikel Solas 1:54:53
75. Inhar Olabide 1:55:48
76. Joseba Imaz 1:56:17
78. David Fdez de Garaialde y Lazkano 1:57:49
79. Ismael L. De Goikoetxea 1:58:39
84. Asier Leiza 1:59:41
86. Mikel Beloki 2:00:04
87. Javier Barrenetxea 2:00:32
100. Lander Bados 2:06:36
101. Kevin Rai Sanchez 2:06:54
103. Jesus Madinabeitia 2:09:44
109. Andoni Azanza 2:11:19
119. Adrian Claver 2:13:52
120. Asier Agirre 2:13:53
123. Ander Gurmindo 2:16:54

Emakumeak
23. Izaskun Beunza 1:39:14
43. Maite Zabaleta 1:47:49
72. Iosune Urra 1:54:49
74. Uxue Seminario 1:55:06
85. Andrea Aristu 1:59:55
108. Jaione Loban 2:11:18
122. Laura Urra 2:14:33
124. Aitziber Agirre 2:18:29
126. Aitana Fernandez 2:20:23
127. Sonia Alonso 2:20:24
130. Leire Sayas 2:25:52
131. Ane Zubiria 2:25:52
135. Joane Garcia 2:31:47
136. Raquel Valenzuela 2:32:50
137. Naiara Navarro 2:32:52

 

ELKARRIZKETA
"Aurten gustura ari naiz lasterka. Ongi prestatu naiz, eta gustura nago"

Iraitz Goñi Diaz Korrikalaria

Iraitz Goñi Diaz arbizuarra txirrindulari gisa ezagutu dugu urte askotan. Master mailan aritu da gutxira arte, maila bikainean, baina bizikleta mendiko zapatillengatik aldatu du. Sekulako denboraldia egiten ari da. 

Olazagutia Urbasan eta Km Bertikalean lehen sakandarra eta bigarren beteranoa izan zara, eta bestelako probetan fin. Kontentu egongo zara.
Oso pozik. Aurten gustura ari naiz lasterka. Mendi lasterketak ongi prestatzen eta ongi entrenatzen aritu naiz, eta aipatu bi proba hauek oso ongi atera dira.

Olazagutia Urbasa lasterketan Eki Imazek eta Mikel Ollok aurrea hartu dute eta bigarren maila batean haiei segika geratu zaretenok zuen lasterketa propioa izan duzue, ezta?
Ni lasterketa hasieran, igoeran, aurrean egoten saiatu naiz, ahalik eta denbora gehien hartzeko, zelaian eta beheraka ez naizelako ongi joaten. Beraz, nire gaitasunak ondo aprobetxatu behar ditut, eta horregatik ahalik eta azkarren igo naiz. Ondoren, ahalik eta hobekien eustea eta ahalik eta lan onena egitea izan da kontua. Egindakoarekin, pozik.  

Txirrindularia izan zara eta bizikleta gainean makina bat lorpen izan dituzu. Bizikleta alde batera utzi al duzu?
Noizean behinka entrenatzeko hartzen dut, baina mendi lasterketetan ari naiz gehiago, bizikletan aurten oraindik ez.

Mendi lasterketek harrapatu al zaituzte?
Bai, egia esan. Gustura ari naiz. 

Gustura aritzeaz aparte, podiumak lortzen ari zara: lehen sakandarra, bigarren beteranoa...
Bai, hori beste poztasun bat ere bada. 

 

Erlazionatuak