Automobilismoa

Urbasa: 98 pilotu dena emateko prest

Guaixe

Urbasako irteera, bihurgune eta arranpatan ikuskizuna ziurtatuta dago.

Urriaren 3an, larunbata, XLIV. Urabasako Igoera antolatu du Sakana Motorsportek. Urriaren 2an, arratsaldean, itxiko dute errepidea. 

Sakana Motorsport eskuderiak antolatuta, urriaren 3an, larunbata, XLIV. Urbasako Igoera jokatuko da Olaztin (5,93 km). Aurten 98 pilotu lehiatuko dira proba mitikoan, baina antolakuntzatik esan dutenez, 99 dortsal izango dira hamahiru zenbakia ez delako erabiltzen. Hamabi sakandar izango dira lehiatzen: Iker Palacios (BRC B52), Mikel Mazkiaran (Seat 600 JTR), Javier Goikoetxea (Citroen C3 N5), Alberto Villar (BMW M3 E36), Ander Gurmindo (Renault Clio Sport), Asier Juanez (Renault Clio), Delfin Goikoetxea (Alpine PRM Proto), Josu Olmos (Citroen AX), Iñaki Yaben (Citroen Saxo), Odei Juango (BMW E36), Miguel Anton (BMW 330D) eta Asier Solis (BMW E36), guztiak Sakana Motorsport eskuderiakoak. 

Ordutegia
Urriaren 2an, ostirala, itxiko da Urbasako errepidea, 19:00etan. Urriaren 3an, larunbata, 9:00etan hasiko dira autoen egiaztapenak Clinker pareko pistan, eta 11:00etan autoak asistentzia gunerantz abiatuko dira. 12:00etan hasiko dira entrenamendu ofizialak, eta segidan lehen eta bigarren mangak jokatuko dira. 18:00etan behin behineko sailkapena argitaratuko da, eta segidan sari ematea izango da, Clinkerren. 

Sakana Motorsport Igoeraren antolatzaileek gogoratu du Urbasa parke naturala dela, eta zaindu behar dela.