Astekaria

Mikel Mazkiaran eta Seat 600 JTR-a, Urbasako Igoerako turismo mailako txapeldunak

Maider Betelu Ganboa

Mazkiaranen Seat 600 JTR-ak Urbasako maldak ikusgarri igo zituen. 

XLIV. Urbasako Igoera monoplazen mailako Kepa Amantegik (Demoncar R34+, 3:34.999) irabazi zuen. Mazkiaranena bigarren denbora onena izan zen scratchean (3:34.997).

Azken urteetako irabazleak ez ziren aurten XLIV. Urbasako Igoerara hurbildu, baina horrek ez zion emoziorik kendu Sakana Motorsportek antolatutako lasterketari. Are gehiago, lasterketa zabal-zabalik geratu zen eta beste pilotu askok izan zuten goiko postuetan sartzeko aukera. Euria egingo ote zuen, hori zen pilotuen kezketako bat, baina ateri eutsi zion, eta Olazti eta Urbasa, beste behin, automobilismoaren zaleen topaketa eta festa handia izan ziren. 

Behetik gora
Aurten hamabi pilotu sakandar lehiatu ziren Urbasan. Garikoitz Floresek huts egin zuen, Jaizkibelen autoa izorratu zitzaiolako. Asistentzia gunean autoei azken ukituak ematen ari ziren guztiak. Kiroldegiaren atzeko eremuan Odei Juango (BMW E46), Miguel Anton (BMW 330D), Asier Solis (BMW E36), Iñaki Yaben (Citroen Saxo) eta Iosu Olmos (Citroen AX) ziren. Olmosek Oladi izeneko tailerra zabaldu berri du Altsasun, eta izen berriarekin errotulatu zuen autoa. "Gaur Mikel Mazkiaranek aukerak ditu, ziur" zioen. Eta bete-betean asmatu zuen. 

Porturantz doan kalean kokatu ziren gainontzeko pilotu sakandarrak. Delfin Goikoetxea (Alpine PRM Proto) Goikos tailerreko familiako kide eta lagunekin zegoen patxada ederrean. "Betikoa, eguna ongi bukatu eta ongi pasatzea" izan zen bere helburua. Pixka bat gorago Asier Juanezen Renault Clioa. Lan ona egin zuen, bigarren izan zen zazpigarren klasean. Aurrerago, Alberto Villar (BMW M3 E36). "Aurten iazko denbora jaistea da nire helburua". Lortu zuen, baina ez, agian, esperotako guztia, Nafarroako Igoeren Txapelketako lehen postuagatik Iker Seinekin lehian zegoelako eta ez zuelako Sein gainditzea lortu. Nolanahi ere, lagun artean egun bikaina pasatu zuen. "Miguel Anton kuadrillakoa da eta bere asistentzia gunea beherago dago. Gure kuadrillakoak hara eta hona dabiltza, biekin egon nahian" gaineratu zuen. 

Portuan gora, Mikel Mazkiaranen asistentzia gunea zegoen (Seat JTR). Lagunez eta familiaz lagunduta zegoen altsasuarra. Faboritoen artean zegoen eta urduritasuna nabaritzen zitzaion. Entrenamenduak bikain hasi zituen, eta lehen mangan egin zuen denbora hoberena (3:34.997), sekulakoa. "Oso pozik. Orain, posizioa ziurtatzera" aipatu zuen, lehen manga bukatuta autotik jaitsi berri. 

Gertu zegoen Iker Palacios lakuntzarra (BRC B52). "Zein polita Mikelen kotxea ezta? Sarritan esaten diot" kontatzen zuen. Presiorik gabe aritu nahi izan zuen Urbasan, Izpegiko Igoeran autoaren sistema elektronikoa apurtu zitzaiolako "eta ordutik autoarekin konfiantza hartzen, horretan ari naiz". Entrenamenduetatik lehen mangara gora egin zuen nabarmen (3:56.485), baina bigarren mangan matxura izan zuen eta ezin izan zuen bukatu. 

Portuko kaleko gorenean zeuden lasterketako bi pilotu olaztiarrak. Javi Goikoetxeak (Citroen C3 N5) aitortu zuen ez zuela entrenatzeko asti gehiegirik izan, eta "ongi pasatzera" zetorrela. Entrenamenduan ia errepidetik atera eta hegan egin zuen, baina sustoan geratu zen guztia. "Ikusi nauzu? Oraintxe bertan pasatu didate bideoa. Gehiegi apuratu dut eta..." zioen. Berea Urbasako Igoerako bideorik biralenetakoa izan zen, ziur. Bestalde, Ander Gurmindok (Renault Clio Sport) etxeko bajeran zuen asistentzia, gertu eta bere kategorian onena izan zen. 

Mazkiaranen podiumak
Proba bukatuta Clinker tabernaren parean izan zen sari ematea. Monoplazen sailkapenean Kepa Amantegi (Demoncar R34+) izan zen txapelduna (3:29.997), Luis Miguel Alonsori (Osella Pa 21 JRB) 5 segundo aterata. Iker Palacios laugarren izan zen monoplazetan, hamargarren klasean hirugarrena (3:44.464). 

Eguneko protagonista, eta sarituena, Mikel Mazkiaran izan zen. Altsasuarrak turismoen sailkapena irabazi zuen (3:34.999), scratchean edo sailkapen orokorrean bigarrena izan zen, lehen klasean lehena, lehen sakandarra, eta Sakana Motorsport eskuderiako sailkapeneko lehena, Iker Palaciosen (3:44.464) eta Javier Goikoetxearen (3:45.952) aurretik. Ander Gurmindo seigarren klasean lehena izan zen, turismoetan hamalaugarren (3:55.463), eta Asier Juanez zazpigarren klasean bigarren eta turismoetan 22.a (4:03.473). Guztiek pozez eta lagunartean, Sakana Motorsport familian, ospatu zituzten euren lorpenak, Clinker plaza betetzen zuten zaleen aurrean. Sekulako giroa egon zen, eta berriro ere, automobilismo festa handia izan zen Urbasako Igoera. 

Nafarroako Mendi Txapelketa
Urbasako Igoera Nafarroako Mendi Txapelketarako puntuagarria zen azken lasterketa zen, Ioar, Izpegi, Ibardin, Etxalar eta Lezaun igoeren atzetik. Monoplazeten Luis Miguel Alonsok irabazi du (355 puntu) eta Garikoitz Flores hirugarren izan da (148 puntu). Turismoetan Alberto Villarrek ezin izan zion Iker Seini (BMW M3 E36) lehen postua kendu (248 puntu) eta bigarren sailkatu da (230 puntu); horren gertu izanda, pena. Mikel Mazkiaran izan da hirugarrena (192 puntu). 

Sakandarrak

-Monoplazak
1. Kepa Amantegi (Demoncar R34+) 3:29.997
4. Iker Palacios (BRC B52) 3:44.464

-Turismoak
1. Mikel Mazkiaran (Seat 600 JTR) 3:34.999
7. Javier Goikoetxea (Citroen C3 N5) 3:45.952
9. Alberto Villar (BMW M3 E36) 3:46.778
17. Ander Gurmindo (Renault Clio Sport) 3:55.463
24. Miguel Anton (BMW 330D) 4:00.998
27. Asier Juanez (Renault Clio) 4:03.473
30. Josu Olmos (Citroen AX) 4:06.023
45. Iñaki Iaben (Citroen Saxo) 4:22.388

*Asier Solisek (BMW E36), Delfin Goikoetxeak (Alpine PRM Proto) eta Odei Juangok (BMW B46), ezin izan zuten proba bukatu.