Alba Amigo olaztiarra duela zenbait urte Sevillara ikastera joan zen, hain zuzen, Sevilla de Moda eskolako Catedra Internacional de Moda Flamenca ikastera, eta lehenengo promozioko ikaslea izan zen. Orain bertan ikaslea da. "Eskola honek hiru bat urte daramatza ikasleen eta katedra irakasle taldeen zenbait pieza New York Fashion Week-ean aurkezten". Aurten Flamentex oihal dendak babestu zuen proiektua eta eskolatik "proiektu sakonagoa" egin zen eta zenbait ikasleri jantzi proposamen bat egiteko aukera eman zitzaien. "Azken orduan ikasle bat proiektutik jaitsi zen eta zuzendaritzatik badakitenez nire proiektu pertsonala lantzen ari naizela, ikusi zuten zentzua zuela niri pieza hori egitea proposatzea". Ikaslearen oihala "heredatu" zuen eta New Yorken desfilatu zuen jantzia egin zuen, "azkar esaten da, bai".
Jantzia prestatzeko pare bat hilabete izan dituela esan du Amigok, "baina egia da dena azken bi astetan egin dudala, nik horrela hobe lan egiten dudalako". Proiektuak denbora askorekin egiten baditu "gehiegi pentsatzen" duela azaldu du diseinatzaileak: "Ez zait gustatzen estu ibiltzea, baina bi hilabete asko iruditzen zait". Oihala eman ziotenean inspirazioa bilatzen hasi zen eta ikasleen proiektuekin bat egin behar zuenez, "pixka bat proba eta akatsa izan zen".
Proiektu batean lan egiten duenean ere beste oihal batekin probak egitea gustatzen zaio: "Ohitura hori daukat, ikasketetan erakutsi zidaten eta neurrira egindako jantzietan egiten da beste oihal kakotxen artean txar batekin probak egiten ditut ikusteko gorputzean nola gelditzen den. Gero behin betiko oihalean prototipoa egiten duzu". Piezek hitz egitea, "modu metaforikoan", gustatzen zaio eta patronajeari ere garrantzia handia ematen dionez, proba hori egitea ezinbestekoa da.
Bolanteak eta tantoak
New Yorken desfilatu zuen olaztiarraren piezak "zerbait xumea, jantzigarria eta moda flamenkoarekin erreferentzia argia" izan behar zuen, "azken finean, hori egiten dugulako Catedra Internacional de Moda Flamencan". Ez da flamenko jantzi da, "inspirazioa izan behar zuen". Katedraren bidez moda flamenkoa nazioarteratzen saiatzen ari dira, "oso ikusgarria delako, baina ulertzen dugu ere jantzi flamenkoa ikusteko deigarria dela, baina atzerritarrek ez dute ulertzen". Hortaz, jantziak bolanteak eta tantoak bezalako elementuak ditu, "baina horiek moldatu eta erabil daitekeen moda internazionalago bat egiten dugu".
Pieza sortzeko orduan "nire unibertsoa" zein den erakutsi nahi zuen: "Oihal eskegiak egin nituen, oihal eskegiak izugarri gustatzen zaizkit, toki guztietan jarriko nituzke". Siluetari dagokionez ere askotan erabiltzen duena da: "Halter lepoa eta sorbalda irekia". Patroi konplexua dela azaldu du, "oihal aldetik mugatua nengoenez, patroia desberdina izatea eta tonalitateekin jokatzea nahi izan dut". Emaitzarekin "pozik" dago.
"Egia esan, New Yorkekoa oso handia dirudi, baina zentrotik ari dira herrialde askorekin lan egiten: Italia, Costa Rica, Mexiko, Kolonbia eta abarrekin egitasmoak izan dira". Helburua Andaluziako moda "nahiko bereizgarria" dela erakustea da.
Lehenengo aldia da Amigoren pieza bat New Yorkerako zehazki sortua izan dela, baina aurreko desfiletan zentroan egin diren ikasleen eta katedrako taldeko pieza bildumak eraman dituzte, "eta taldean nagoenez nire piezak ere egon dira, txaketatxo urdin bat duela pare bat urte, esaterako".
Alkazar

"New Yorkekoa asko disfrutatu dut; Alkazarrekoa ezin dut hitzekin azaldu"
"Perspektibarekin pentsatzen dut eta, ai ama! Alkazarrekoa izan da...". New Yorken berak sortutako pieza bat desfilatu aurretik, olaztiarrak egindako emaztegai jantzi batek Sevillako Alkazarrean desfilatu zuen. "New Yorkekoa asko disfrutatu dut, sormen prozesua eta abar, baina ez naiz bertan egon, orduan, nolabait esateko, ez dut proiektua amaitu. Baina Alkazarrekoa izugarria izan zen, eromena, ezin dut hitzez azaldu".
Jantzia "egun batetik bestera" egin behar izan zuela azaldu du: "Eskolak Carlos V eta Portugalgo Isabel errege-erreginaren ezkontzaren urteurrenagatik desfilea antolatu behar zuen eta hilabete batzuk lehenago parte hartzeko esan zidaten". Beti bezala, bi aste gelditzen zirenerako dena antolatu zuen: "Fittinera (modeloan probak egiten direnean) perfektu iristeko bi aste antolatu nituenean, deitu ninduten esanez ekimena aurkezteko argazkiak egin nahi zituztela, eta parte hartzaile gehienak ikasleak zirenez, ea nirearekin egin nezakeen". Bi asteak hiru egun bihurtu ziren.
Asteburu oso bat itxi zen "eta gerta litekeen hoberena izan zen lan biribila izan zelako". Ederra izan zela esan du. "Nire burua Alkazarrean ikusten nuen, ni bakarrik modeloarekin, normalean turistaz beterik egoten da. Bizi esperientzia izan zen". Desfilea amaituta bere mutila, Sevillakoa, hunkituta zegoela eta "izugarrizkoa" zela esan zion: "Bertako jendeak borrokatzen du horrelako aukera bat izateagatik".
Irakaslea ez ezik, diseinatzaile olaztiarrak bere proiektuan ere lan egiten du: "Aldaketa bat egiten ari naiz. Nire marka ez neukan abandonatuta, baina ez neukan helburu zehatz bat markatuta; ez nuen bide markatuta eta ez nekien zer egin nahi nuen zehazki eta gauzak egiten joan naiz: desfile bat, beste egitasmo bat... Etortzen zena". Orain "gutxi gora behera" egin nahi duena badakiela azaldu du: "Irakasle lana sorkuntza kreatiboarekin uztartzen dudanez, helburua ez da asko saltzen duen edo produkzio handia duen marka bat sortzea, baizik eta moda arduratsu bat egin, proiektu zehatzak eta motibatzen nautenak egin".
"Ez da moda flamenkoa izango, inspirazioa bai, badirelako elementuak aurretik ere erabiltzen nituenak". Esperimentatu nahi du eta bolumen desberdinak diseinuetan sartu: "Gauza berriak egin nahi ditut aukerak anitzak direlako. Horretan ari naiz; nire flamenko propioa sortuz".

