XIV. Nafarroa, Zinema Lurraldearen jaialdia antolatu dute aurten, eta laugarren urtez Olatzagutiak parte hartu du. Guztira, hamar dira festibalean parte hartzen duten herriak, hamar direlako film labur finalistak. Hortaz, aurten Mitxel Sadaba iruindarra izan da Olatzagutian Conectados film laburra grabatzen. Olatzagutian grabatzeko hautua egin zuen zinemagileak. Jaialdiarekin harreman "berezia" izan du, emozio guztietatik pasa dela aitortu du.
"Egia esan, ni iaz aurkeztu nintzen festibalera. Baina ez nintzen finalista izan konpetentzia handia zegoelako. Arduradunak deitu zidan esanez nire proiektua edozein ediziotan finalista izanen litzatekeela, eta aurten berriz aurkezteko". Aurten berriz aurkeztu zen, eta finalista izan zen Sadabaren Conectados lana. "Duela urte bat idatzi nuen. Prozesua urte batetik bestera aldatzen joan da". Kakotxen artean film laburra "egiteko erraza" zela esan du zinemagileak, "aurrera eramateko betiko erronkak alde batera utzita, sortzeko aukera zuen".
"Betidanik" gustatu izan zaio Sadabari zinemaren eta ikus-entzunezkoen mundua. "Nire pasioa izan da". Zientzia batxilergoa egiten hasi zen, baina ez zuen "inolako pasiorik" modalitate horretan eta Alaitz Institutuko Arte Eszenikoen batxilergora lekualdatu zen; "bertan bazegoen Ikus-entzuneko kultura deitutako irakasgai bat eta erabat aldatu zuen nire bizitza". Batxilergoa amaituta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen EHUn. 16 urtekin egin zuen bere lehenengo film laburra, "eta 16 urte daramatzat denetarik egiten ikus-entzunezkoen munduan: argazkigintza, film askotan parte hartu dut, telesailetan...".
Zinemagileak aitortu duenez hasiera batean ez zuen Nafarroa, Zinema Lurraldea jaialdian parte hartu nahi: "Eragozpen handi bat dago festibal honetan, azken finean, Nafarroa saldu behar duzu. Hori da helburua. Niri ez zitzaidan hori gustatzen, eta nahiago nuen gauzak nire kontura egin". Duela pare bat urte festibaleko film labur bateko proiektuan parte hartzeko aukera izan zuen, kamera teknikari gisa, eta aurkeztutako gidoiak irakurtzeko aukera izan zuen: "Oso interesgarria iruditu zitzaidan eta nire ikuspuntua aldatu zen. Zergatik ez aurkeztu?". Aurreko edizioan aurkeztu zen, "eta ez zen atera. Gogotsu nihoan eta erabat suntsituta gelditu nintzen, baina antolatzaileak berriz aurkezteko esan zidanez, oso pozik. Nolabait bedeinkatuta sentitzen naiz".
"Harrigarraia da izenburua atal guztietan ematen ari delako: pertsonaiak, taldea, proiektua..."
Konexioak
Conectados (Konektatuak) deitzen da Sadabaren proposamena. "Izenburua oso harrigarria da atal guztietan ematen ari delako hau: pertsonaiak konektatuta daude; guk ere, lan taldeak, konektatu dugu; proiektuarekin berriz konektatu behar izan dut aurreko urtetik egina nuelako eta urte honetan gauza gehiago idatzi ditudalako...". Zaila izan dela, baina erronka "polita" izan dela esan du zinemagileak.
Hamabost bat pertsonek parte hartu dute lan taldean. "Aurreko urteko proiektuan lau eta sei lagunen artean egiteko zen eta hau sorpresa izan da hitz egiten joan naizelako, eta lagunak gehitu dira". Beste proiektu batean lan egiten zegoen, Iruñea 97 telesaila, eta garai horretan finalisten izenak esan zituzten: "Jendeak galdetzen zidan ea zer moduz, komentatzen nion finalista nintzela, eta laguntzeko prest zeudela esan zidaten. Esan bezala, bedeinkatua sentitu naiz".

Lanak jaialdira aurkezten dituztenean, sortzaileek parte hartzen duten herrietatik zein aukeratzen duten aipatu behar dute; epaimahaikideek herri hori ematen diete edo ez. Sadabak Olatzagutia aukeratu zuen. "Aurreko urtean ezagutu nuen. Gidoia prestatu behar nuenez eta bertan grabatzea proposatu nuenez, ezagutu nahi nuen".
Urriaren 10ean eta 11n grabatu zuten film laburra Olatzagutian. Arazo "txiki" batekin hasi zuten filmaketa, izan ere, obrak egiten ari ziren, "haiekin hitz egin eta tarte bat utzi ziguten planoak grabatu ahal izateko". Ongi egon zirela esan du: "Alkateak giltzak eman zizkigun makillatzeko, janzteko eta oso ongi moldatu ginen".
Filmaren une bat basoan gertatzen da, eta hura grabatzeko Urbasara joan ziren. "Jaialdiak Olatzagutian eta herrietan grabatzeko baimena lortzen digu, baina Urbasan grabatzeko baimen berezia behar da". Basozainekin hitz egitera joan ziren Zelaiaundiko Pagadi sorgindua bezala ezagutzen den parajean grabatu nahi zutela esateko, "eta justu Disney grabatzen egon zenez kontrako plataforma sortu zen. Tentsio giro pixka bat zegoen. Guk esan genien lasai egoteko talde txikia ginela eta gure ekipoa ere txikia zela". Film laburraren dimentsioak ikusita, basozainekin batera bueltaxo bat egin zuten eta alde turistikoan grabatu beharrean beste txoko bat proposatu zieten, "guretako eta bisitariendako askoz hobe izan zen, ez geniolako elkarri trabarik egiten".
Film "oso oso" laburra dela esan du zinemagileak. "Ez ditugu espektatibak oso goian. Ez dugu aurrekontu oso handia, lagun artean egindako proiektu bat da". Film laburrari buruz ez badute ezer esaten ez da espektatibak sortzeko, "asko kontatzen badugu, dena kontatzen dugulako baizik". Bi pertsona dira protagonistak, elkartzen dira, eta elkarrizketa sakon bat dute, "harremanei" buruzko lan bat da.
Azaroaren 16an lana aurkeztu behar dute, eta gero publikoak bozkatzeko aukera izanen du. Dena ongi, azaroaren 28an izanen da Olaztiko aurkezpena.