Orekan kontziliazio programa egonen da eguberritan

Guaixe

Haurrak jolas parkean jolasten. ARTXIBOA

Oporraldian familiak laguntzeko helburua du. Izen ematea abenduaren 11ra arte zabalik dago. Horretarako udaletxetik pasa beharko da. 

Familiek lana eta familia bete beharrak uztartzen laguntzeko eguberritako oporretan, Olatzagutiko Udalak Orekan programaren eskaintza egin du. Programa horren bidez haurren gurasoek edo tutoreek beraien lan erantzukizunak bete ahal izatea errazten du, seme-alaben zaintza eta ongizatea alde batera utzi gabe.

Eskaintza 2022tik 2014ra bitartean (biak barne) jaiotako haurrei zuzenduta dago. Beti ere, esfinterren kontrolean autonomia badute, edo autonomiarik eza justifikatzen duen dibertsitate funtzionala duten haurrak badira. Orekan programak aurrera egiteko gutxieneko izen ematea seikoa izanen da, gehienez hamabost haur onartuko ditu udalak. Hala ere, udalak jakinarazi duenez, "dibertsitate funtzionala duten adingabeak inskribatzen badira, eta dibertsitate horren arabera, plaza-kopurua murriztu ahal izango da".

Orekan programa abenduak 23, 28, 29 eta 30ean eta ilbeltzaren 4, 5 eta 7 egunetan eskainiko da, Akelarre ludotekan. Bi ordutegi daude aukeran, 09:00etatik 13:00etara eta 11:00etatik 13:00etara. Udalak argitu dunenez, bigarren aukera martxan jarriko da lehen aukerako plazak betetzen ez badira, txanda hori lehentasunezkoa baita.

Tarifei dagokionez, lehen ordutegirako haur baten izen emateagatik 8 euro ordaindu beharko dira, 12 familia bereko bi edo gehiago badira. Bigarren aukeran, berriz, 4 eta 6 dira prezioak. Tarifak ordaintzetik salbuetsita egongo dira udalean berariaz eskatu ondoren, oinarrizko gizarte-zerbitzuek horretarako egindako txostenaren bidez prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak. Eskaintzari buruzko informazio guztia olazti.eus webgunean dago.