Enara Perez Barrenetxea txirrindulari olaztiarrak primeran hasi du 2026/2027 pista txirrindularitza denboraldia, Espainiako Pista Kopako junior mailako iraupenean irabazlea izan baitzen Nafarroako selekzioarekin, Valdepeñasen jokatutako lehen jardunaldian. Pistan bide berean segitzea du xede, eta errepideko denboraldi berrian Punta Galea talde berriarekin pausoa ematea.
Burunda klubean hasi eta trebatu zinen txirrindularitzan. Kadete mailan Timac Agro Ermitagaña taldean aritu zinen, eta junior mailan beste talde batean aritzea erabaki duzu.
Aurten Getxoko Punta Galea taldera aldatu naiz. Ermitagañan gustura nengoen, baina junior maila etapa berri bat da, eta aldaketa behar nuen, talde berri batean probatu eta aire berriak hartzea. Igandean egin nuen taldekideekin lehen entrenamendua. Oso gustura egon nintzen eta badirudi taldean oso giro ona egongo dela.
Errepideko denboraldia 2027an abiatuko da, baina dagoeneko 2026/2027 pista txirrindularitzako denboraldia hasi da. Zer duzu gustukoago, pista edo errepide txirrindularitza?
Ezberdinak dira, ez dute zerikusirik. Ni errepidean gehiago zentratzen naiz, baina neguan pista txirrindularitza oso ondo dator errepideko denboraldirako. Oso ezberdinak dira; pista, gehiago, potentzia da; errepidea, iraupena, erresistentzia, mendiak igotzea eta beste. Nire anaiak gustuko zuelako eta neguan zerbait egitearren hasi nintzen pistan. Nahiz eta pistan oso ondo ibili, etorkizunean nahiago nuke errepide txirrindularitzan aurrera egitea eta noizbait profesional mailan aritzea, iristen banaiz, jakina. Errepidean aukera gehiago dago pistan baino; pistak ez du horrenbesteko ikusgarritasunik.

2025/2026 denboraldi ikusgarria egin zenuen pistan, bigarren urteko kadetea zinela. Espainiako Pista Kopan iraupenean txapeldunorde izan zinen; Espainiako Pistako Madison Txapelketan, Eider Razkin arbizuarrarekin bikotea osatuta, laugarrenak; Espainiako Omniun Txapelketan, hirugarren; eta Espainiako Pista Txirrindularitza Txapelketetan banakako abiaduran Espainiako txapelduna izan zinen, eta beste sei domina lortu zenituen, taldekako abiaduran zilarrezkoa eta brontzezko bost domina.
Denboraldia nekatuta bukatu nuen, baina egindakoarekin poz-pozik.
"Pista, gehiago, potentzia da; errepidea, iraupena, erresistentzia, mendiak igotzea..."
Emaitza horiek argi erakusten dute pistan potentzial handia duzula. Pistan Nafarroako selekzioan jarraitzen duzu. Hortaz, Tafallako belodromoan entrenatzen segituko duzu, ezta?
Bai, ostegunetan Tafallara joaten naiz belodromoan pistan entrenatzera. Astean zehar Sakanan entrenatzen dut, gure inguruetan. Asteburuan, esan bezala, Bizkaira joan nintzen talde berriarekin entrenatzera.
Pistan modalitate asko daude. Madisona agian ikusgarrienetako bat da, talde lana, abiadura eta estrategia uztartzen dituen erresistentzia proba baita. Eider Razkinekin laugarrenak izan zineten Espainiako Madison Txapelketan.
Hala da. Eider Razkin oso ongi ari da. Berak aurten kadete mailan jarraitzen du, bigarren urtekoa da. Aurreko denboraldian lehen urteko kadetea zen, eta ni bigarren urtekoa. Madison proba binaka jokatzen da, eta erreleboka egiten den puntuazio proba bat da. Batak besteari erreleboa eskuz ematen dio, eta kideari heldu eta eskutik bultzada emanez, bere indarra eta abiadura transmititzen dio. Puntu gehiago lortzen duen bikoteak irabazten du.
Omnium-ean pista proba bat baino gehiago egiten dira.
Lau proba dira. Scratch-a edo ohiko lasterketan lehena da garailea. Kanporaketa edo eliminazioan itzulia ematen azkena dena kanporatu egiten da, eta buelta gehien ematen duena da irabazlea. Tempo-an lehenengo hiru itzuliak normalak dira eta hortik aurrera ematen den buelta bakoitzean lehenengoak 3 puntu lortzen ditu, bigarrenak 2 eta hirugarrenak 1, eta puntu gehien duenak irabazten du. Puntuazioa itzuli gehien dituen lasterketa da. 10 itzuli bakoitzeko puntuazioa egiten da. Aipatu lau probetan lortutako puntuazioa batuta, behin betiko sailkapena egiten da.
Keirina, abiadura, taldekako abiadura, taldekako jazarpena... modalitate asko daude.
Egia esan, asko dira, mundu konplexua da. Madisona eta omnium-az gaindi, joan zen denboraldian taldekako jazarpena egin nuen. 6 kilometro inguruko proba da, hasieran sailkapen bat egiten da eta gero taldeen arteko borrokak edo dueluak daude.
Zein da zure espezialitatea?
Nik normalean iraupen pista egiten dut. Lehen kanporaketa ez nuen batere gustuko, baina aurreko denboralditik asko gustatzen zaidan proba da, eta, gainera, oso ongi datorkit. Puntuazioa oso gustuko dut ere bai.
"Kanporaketa modalitatea oso gustuko dut eta ongi datorkit. Puntuazioa ere bai"
Espainiako Pista Txirrindularitza Kopako lehen jardunaldia azaroaren 7an eta 8an jokatu zen Valdepeñasen. Ederki aritu zinen, junior mailako iraupenean lider zaitugu. Espero al zenuen?
Kopak aurten hiru proba puntuagarri ditu, asteburu osoan jokatzen direnak. Normalean scratch, eliminazioa edo kanporaketa eta puntuazioa jokatzen dira. Junior mailara igo naizela kontuan hartuta, ondo ibiltzea espero nuen, baina ez lider izatea. Junior mailan abiadura ez da berdina; azkarrago ari gara.
Distantzia luzeagoak izango dituzue.
Bai, pistan itzuli gehiago dira, baina hori ez dut horrenbeste nabaritzen; abiadura, ordea, gehiago. Ongi ibiltzen den jende asko dagoenez, erritmoa asko aldatzen da.

Junior maila aldaketa errepidean nabarituko ote da gehiago?
Oraindik ez dut junior mailako errepide lasterketarik izan, baina kadetea nintzela junior mailakoekin aritu izan nintzen Nafarroako lasterketetan. Estatu mailako gainontzeko probetan ez gara elkarrekin aritzen, baina Nafarroan bai, eta esango nuke ez nuela aldea gehiegi sumatu. Aurten 23 urtez azpikoekin arituko gara proba batean; hor bai nabarituko dugula.
Pista denboraldian zein da duzun egutegia?
Asteburuan Gipuzkoako Pista Txapelketako saioa jokatuko da eta probatzera joango naiz, abenduaren 5ean eta 6an Espainiako Kopako bigarren proba puntuagarria jokatuko baita Donostiako Belodromoan, Euskadiko Pista Sari Nagusia. Helburua kopako lehen postu horri eustea da, lehen postuan mantentzea. Ea posiblea den. Abenduaren 12an eta 13an Kopako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da Sevillan.
Nor da Nafarroako pista selekzioko hautatzailea?
Bi dira, Sergio Aliaga eta Josu Costa. Harreman ona dugu. Selekzioan Eider Razkin eta ni neu gara sakandar bakarrak.
"Pista Mundialetara joateko aukerarik ikusten al dudan? Oraindik denboraldia luzea da esateko"
Aurreikuspenak izatea garrantzitsua al da?
Helburuak jartzea oso ondo dago, baina espektatiba handiak jartzea ez, agian sinetsi dezakezulako dena irabazi behar duzula eta bosgarren sailkatuz gero, jota geratzen zarelako. Erorketa bat, gaixotasun bat, lesio bat... eta dena pikutara joan daiteke.
Espainiako Kopa bukatzerakoan nola jarraitzen du pista denboraldiak?
Urtarrilean Espainiako Omnium Txapelketa dugu jokoan, eta Aste Santuan Espainiako Pista Txapelketak, banaka.
Zure sasoi punturik onenera Espainiako Txapelketetarako helduko zara?
Printzipioz bai, baina Munduko Txapelketetarako hautatuko banindute, ordurako.
Noiz izango dira Mundialak?
2027ko abuztu bukaera aldera, aurten Savoia Garaian.
Bertan egoteko aukerarik ikusten al duzu?
Gaur egun kopako lider naizen aldetik aukerak egon litezke, baina denboraldia luzea da eta gauzak asko alda daitezke.
Nola uztartzen dituzu entrenamenduak ikasketekin? Lan handia izango duzu guztia aurrera ateratzeko.
Bai, lana da. Batxilergo zientifikoa ikasten ari naiz, lehen urtea. Ikastetxetik atera, bazkaldu, entrenatzera joan... eta bueltan, 19:00ak aldera, ikasi beharra dut. Beraz... Iaz nekatuta bukatu nuen, horri guztiari lasterketa asko kanpoan jokatzen direla gehitu behar zaiolako.
Emakumeak mutilak baino askoz ere lehenago ateratzen zarete kanpora. Kadete mailan dagoeneko estatu mailan barrena zabiltzate.
Hemen ez dagoelako emakumeendako horrenbesteko lasterketarik. Mutilek, aldiz, asko dituzte. Horregatik, gu Valentziara, Kantabriara, Madrilera, Galiziara... joaten gara, lasterketetan aritu ahal izateko. Bestela, ezingo ginateke lehiatu.
"Ikasketak, entrenamenduak, txirrindularitza lasterketak... egia esan, lana da"
Batzuetan mutilen lasterketetan ere aritzen zarete, baina emakume gutxi dira eurekin batera aritzera animatzen direnak. Zuen kategorian, hobeto.
Bai, izan ere oso azkar doaz. Baina beno...
Anaia txirrindularia duzu eta aita Burunda klubeko entrenatzailea. Txirrindulari familia zaretela esan daiteke.
Agian pixka bat bai (kar-kar). Gure etxean dena ez da txirrindularitza, baina asko bai. Anaiak, Ekaitzek, Hostal Latorre Ederlan afizionatuen taldean jarraitzen du. Aurten bere bigarren urtea izango da 23 urtez azpiko mailan. Pozik dago, txirrindularitza gustuko du, hori da garrantzitsuena, eta pixkanaka lasterketak ongi bukatzen ari da.
Aurten Olaztiko festetako suziria piztu zenuen joan zen denboraldiko lorpenengatik. Herriak aitortza polita egin zizun.
Bai. Oso lotsatia naiz eta lotsa pixka bat pasa nuen, baina.
Denboraldia ederki hasi duzu eta talde eta esperientzia berriak bizitzeko gogoz ikusten zaitugu.
Bai, ea urtea nola doan.
Argi dagoena da txirrindularitzan aurrera jarraitu nahi duzula. Emakume batendako txirrindulari profesional izatea gizon batendako baino zailagoa al da?
Txirrindulari profesionala izatea oso zaila da, baina bai mutilendako eta bai neskendako. Munduan txirrindulari pila bat gaude, eta denok profesional izatera iritsi nahiko genuke. Beraz, oso-oso zaila da.
Gustuko tokian aldaparik ez dagoela dio esaerak.
Hala da bai, eta gustura gainera.

Pista txirrindularitza: hiztegi laburra
Pista txirrindularitza bBelodromoan egiten den txirrindularitza mota da. Modalitate nagusiak:
-Scratch: Txirrindulari guztiak batera ateratzen dira, eta lehenengo iristen dena da irabazlea.--Omnium: Hainbat proba biltzen dituen modalitatea da, eta txirrindulariek proba bakoitzean lortutako puntuak batzen dituzte.
-Jazarpena: Bi txirrindulari edo bi talderen arteko lasterketa da, eta helburua aurkaria harrapatzea edo itzuli gehien egitea da.
-Puntuazioa: Txirrindulariek itzuli kopuru jakin bat egin behar dute, eta esprint bakoitzean puntuak lortzen dituzte. Puntu gehien lortzen dituen txirrindularia da irabazlea.
-Kanporaketa: Txirrindulariak banan-banan kanporatzen dira, itzuli bakoitzean azkena geratzen dena kanporatua izaten baita.
-Taldekako jazarpena: Lau txirrindulariko taldeek parte hartzen dute, eta helburua aurkaria harrapatzea edo itzuli gehien egitea da.
-Taldekako abiadura: Hiru txirrindulariko taldeek parte hartzen dute, eta helburua aurkaria gainditzea da.
-Madison: Bi txirrindulariko taldeek parte hartzen dute, eta txandaka aritzen dira, erreleboa bata bestea bultzatuz emanez.
-Keirin: Japonian sortutako modalitatea, sei eta bederatzi txirrindulari arteko lasterketa. Hasieran, motor batek gidatzen du tropela, eta gero, motorra erretiratu egiten da, txirrindulariek esprinta egiteko.
Modalitate bakoitzak bere ezaugarriak eta estrategiak ditu, eta txirrindulariek trebetasun eta prestakuntza berezia behar dute.