Ibaetako Foroarekin bat egin eta larunbaterako manifestazioa deitu dute

Guaixe 2006ko uzt. 28a, 00:00
Hartutako konpromisoak Asteazkeneko prentsaurrekoan azaldu zutenez, Ibaetako Foroa sinatu duten Etxarri Aranazko eragileek puntu horiekin guztiekin bat egin eta bost konpromiso nagusi hartu dituzte Euskal Preso politikoen eskubide zibil eta politikoak bete arte. Lehenik eta behin eurena egitea, beste behin, Euskal Presoak Euskal Herrira oihua. Bigarrenik Etxarri Aranazko herritarrei eskatuko diete presoen egoera larriaz jabe daitezen, aldarrikapen horiekin bat egin dezaten eta aktiboak izan daitezela. Hirugarrenik, bereziki hileko azken ostiraletan presoen senitarteko elkartea den Etxeratek Etxarri Aranatzen eta Euskal Herrian burututako ekintzetan parte hartzeko deia luzatzen dute. Laugarrenik, talde sinatzaileek Euskal Presoak Euskal Herriratzearen aldeko apustua argi eta garbi adierazteko konpromisoa hartu dute. Horretarako, lokaletan eta balkoietan lelo horretako banderolak jarriko dituzte Euskal Presoak Euskal Herrian izan arte. Eta bosgarrenik, eragile bakoitzak bere errealitateari egokitutako konpromiso ezberdinak hartzeko konpromisoa hartu du, Euskal Presoen eskubide zibil eta politikoak bete arte. Larunbateko manifestazioa Ibaetako Foroarekin bat egin duten Etxarri Aranazko eragileek manifestazioa deitu dute larunbatean, uztailaren 29an, 20:00etan, hain zuzen ere herriko festak hasiko diren egunean. Bertan parte hartzeko deia egin diote herritar eta sakandar orori, "manifestazioan parte hartzeaz gain, guk bezala konpromisoak hartu eta bakoitzak bere esparruan ahal duen neurrian eragiteko" gonbitea eginez. Sinatzaileak Kirolariak: Gure Pilota elkartea, Oska Lasa (pilotaria), Aitor Zubieta (pilotaria), Floren Nazabal (aizkolaria), Basati 4x4. Tabernak: Xapatero, Leku ona, Navarro, Iratxo, Larraza, Iturri-Eder eta Iraize. Musikariak: Fran Urias, Amets Larraza, Lur Larraza (Sukar Beltza), Aiert Lizarraga (DJ), Luis Kintana (Skalariak), Mikel MundiƱano (Tximeleta), Xabier Aldaz (Kaotiko), Juan Pablo Agirre, Joxe Aldasoro (Egurra), Julen Arratibel. Bertsolariak: Eneko Lazkoz, Joseba Beltza; Ikastolako langile asanblada, Etxarriko Bai Euskal Herriari herri plataforma, Etxarri Aranazko Udala, Etxarriko EHNE, Etxarriko Batasuna, Etxarriko EA, Etxarriko Segi, Etxarriko gazte asanblada, Etxarriko Euskal Herrian Euskaraz eta Udaberri elkartea.