Udala idazkaririk gabe dago

Guaixe 2006ko uzt. 28a, 00:00
Olaztiko Udala, beharrezko prozedurak jarraituz, bitan saiatu da ekainaren akaberatik bajan dagoen idazkariaren ordezkoa hautatzen. Saiakerak, ordea, oraingoz alferrikakoak izan dira. Festak bertan direnez, Olaztiko alkateak adierazi digu haiek pasa eta gero Toki Administrazio Departamentuarekin harremanetan jarriko dela egoerari konponbidea bilatzeko. Izan ere, idazkariaren lanpostua garrantzitsua da udalaren egituraketan. Hizkuntza dela eta Ordezko idazkariaren hautaketa dela eta Olaztiko Euskara Taldeak oharra zabaldu du. Udaleko plantilla organikoan postu horretarako EGA maila eskatzen dela gogorarazi du talde horrek. Oharrean ziurtatzen denez udalaren bigarren hautaketa prozesuan "desagertu egin zen hizkuntz eskakizunaren aipamena, eta hautaketa prozesuan parte hartzeko ez zen beharrezkoa euskaraz jakitea." Hizkuntza eskakizuna "ez errespetatu izana" salatu eta gero, Olaztiko Euskara Taldeak "arduraz eta erantzukizunez jokatzea eskatu nahi diegu Olaztiko Udaleko ordezkariei eta hirugarren hautaketa prozesua abian jartzerakoan EGA maila eskatzea izangaiei." Olaztiko Udaletik taldeak esandako guztia ukatu dute. Alkateak adierazi digunez "esaten dutena ez da egia. Ez dute agiri bakar bat ere ikusi eta ikusi ez dutenari buruz ezin dute ezer esan." Egin diren bi hautaketa prozesutan euskara kontuan izan dela ziurtatu du. "Gainontzeko guztia asmakeria hutsa da."Alkateak adierazi duenez, "euskara arma bezala erabiltzeak mesede eskasa egiten dio hizkuntzari."