Etxe bateko teilatu zati bat eraitsi egin zen

Guaixe 2006ko uzt. 28a, 00:00
Aurreko ostegunean, 19:20 aldera, Ziordiko Santa Maria karrikako 13. zenbakiko teiladura zati bat eraitsi egin zen. Zorionez inor ez zen zauritu, han bizi den 83 urteko Angeles Martinez Otxoa jubilatuen elkartean baitzen. Hala ere, emakumeak alabaren etxera joan behar izan du bizitzera. Ezbeharra jazo zen etxeak 80 urte ditu. Eraistearen ondorioz, egurrezko egitura duen etxeko ganboikoa eta lehen solairua kaltetu ziren. Teiladura bera duen 15. zenbakiko eraikinak ez zuen kalterik izan. Erorketak teiladurako 60 metro karraturi eragin zien. Ezbeharrari aurre egiteko suhiltzaileak joan ziren. Haien egitekoa, erorketa gehiago eragozteko, etxearen egitura puntalez eustea, pala teleskopiko baten laguntzak hondakinak ateratzea eta teilatuko zuloa toldoz estaltzea izan zen. Lanok gaueko ordu bata arte luzatu ziren. Familiak adierazi zigunez aseguruko peritua etortzeko zain zeuden astelehenean. Baina teiladura berria lehenbailehen egiteko asmoa du familiak, negua iritsi aurretik ahal bada. Astelehenean arkitektoa izan zen etxea aztertzen. Horretarako egon daitezkeen diru laguntzen berri jasotzeko dagoeneko Sakanako Mankomunitatean izan da familia. Bitartean suhiltzaileen lanarendako esker hitzak besterik ez dituzte.