Altsasuko Feministak taldeak Ahotsak ekimenarekin bat egin du

Guaixe 2006ko uzt. 28a, 00:00
Euskal Herriko mugimendu feministako 23 taldek bat egin dute Ahotsak ekimenarekin. Gatazkaren konponbide demokratikoa bilatzen duen ekimenarekin bat eginez, mugimendu feministak emakumeen parte hartzeko "konpromiso erreala" hartu du. Konponbidea guztien arteko elkarlanetik etorriko delakoan, emakumeen parte- hartzearen garrantzia azpimarratu zuten Euskal Herri osoko mugimendu feministako taldekideek larunbatean Bilbon egin zen ekitaldian. Gatazkaren konponbidean emakume aktiboak direla eta eragile guztiek irtenbidea aukera berdintasunean izan dadin neurriak eta konpromisoak har ditzaten lan eginen dutela hitzeman zuten. Dokumentua sinatu zutenen artean, esan bezala, Altsasuko Feministak taldea zegoen. Baina ez ziren ekitaldiko ordezkari sakandar bakarrak. Alderdi Sozialistako Altsasu eta Olaztiko Julia Cid eta Mari Carmen Lopez zinegotziak ere ekitaldian izan ziren.