Olias bikain aritu zen etxean

Guaixe 2006ko abu. 7a, 00:00
Larunbatean Supermotard eta Quad Vasco Navarro txapelketako jardunaldia jokatu zen Irurtzungo Akaborro industrialdean, Irurtzungo Moto Club Pistones taldeak antolatuta. Sekula baino jende gehiago bildu zen 30 quad eta supermotard inguruk emandako ikuskizunaz gozatu eta pilotuak egindako lana txalotzera. Lasterketa Vasco Navarro txapelketako 3. jardunaldia zen, eta Nafarroako txapelketako 2.a. Maila handiko pilotuak bildu ziren. Olias bigarrena Supermotardean lau pilotu irurtzundar aritzekoak ziren. Alex Mariñelarena eta Javier Aibar 80ccko mailan lehiatu ziren, kategoria txikienean, baina eurekin batera lehiatzekoa zen , Eloi Bello min hartuta zegoenez ezin izan zen aritu. Lau pilotu lehiatu ziren kategoria horretan eta egia esan irurtzundarrak ez ziren oso fin ibili. Irabazlea Enrique Valencia izan zen, alde handiarekin. Alex Mariñelarena hirugarrena izan zen eta Javier Aibar laugarrena. Gauzak hobe joan zitzaizkion maila nagusian, open mailako 450ccko lau denborako kategorian aritzen den 17 urteko Juan Mari Olias pilotu irurtzundarrari. Kawasaki motorrarekin lehiatu zen. Arerio nagusia sailkapenean lehena den Aitor Martinez bilbotarra zuen Oliasek, baina bilbotarrak motorra apurtu zuen. Irabazlea Donostiako Iñigo Oiartzabal izan zen, eta Juan Mari Olias haren atzetik sartu zen. Pozik zegoen irurtzundarra. "Aurten open mailan aritzen naizen lehen urtea da eta kontentu nago egindako lanarekin. Laugarrena ateratzen nintzen, eta lehendabiziko txandanhirugarrena sailkatu nintzen eta bigarrenean bigarrena. Oso pozik nago, gainera, probak izan duen erantzunarekin, jende asko hurbildu baita gu animatzera" zioen. Vasco Navarro txapelketan lehenengo postuan jartzea lortu du irurtzundarrak, haren aurretik zegoen Aitor Martinezek ez baitzuen puntuatu. Zirkuituaren eskakizuna Irurtzungo lasterketarekin ikuskizuna eskaintzeaz gain Nafarroan zirkuitu bat egotearen beharra aldarrikatu nahi izan zuen Moto Club Pistonesek. Irurtzunen lursailak begiratzen ari dira. Irurtzungo Udalarekin harremanetan daude, egitasmoa aurrera ateratzeko saiakeretan murgilduta, baina oraindik ez dago ezer erabakita.