Olaztiko XXXIV. San Migel txapelketa

Guaixe 2006ko uzt. 28a, 00:00
Ekainaren hasieran abiatu zen Olaztiko XXXIV. San Migel pilota txapelketa eta finalak Olaztiko festetako lehen egunean, Santiago egunean jokatu ziren. Lehen, bigarren, hirugarren eta afizionatuen mailan lehian aritu dira 60 pilotari inguru. Astebururo Olaztiko pilotalekuak partidak hartu ditu. Pilotalekua, beteta Olaztiko pilotalekua gainezka zegoen finaletarako, primerako giroan, eta orduan erabaki ziren txapeldunak. Zaleek, gainera, biziki gozatu zuten, partida onak izan baitziren. Afizionatuetan txapela ez zen Sakanan gelditu, Mariñelarena irurtzundarrak eta Olaetxeak gutxigatik galdu baitzuten Lasa eta Bengoetxearen kontra. Lehen mailan Aiestaran eta Iturriotz izan ziren txapeldunak, azken honek Aiestaran II.a ordezkatu eta gero; bigarren mailan Aitor eta Mikel nagusitu ziren eta hirugarrenean Camuel eta Bizuete. Bukaeran sari banaketa izan zen. Emaitzak: 3.mailan: Camuel-Bizuete 18 / Gaizka-Alatz 15 2.mailan: Aitor-Mikel 18 / Eduardo-Peral 16 1.mailan: Flores-Agirre 8 / Aiestaran - Iturriotz 22 Afizionatuetan: Olaetxea-Mariñelarena 18 / Lasa-Bengoetxea 22 . Afari ederra San Migel elkarteko Agustin kontentu dago txapelketak izandako martxarekin. Antolatze lan handia aipatu du, baina guztia ongi atera dela ikusita merezi duela. "60 pilotari inguru aritu dira txapelketan, urtero moduan. Ikuskizuna ederra izan da eta gainera ikusleek ongi erantzun dute, pilotalekura astebururo hurbildu baitira. Pentsa, pilotariak harrituta zeuden partidak ikustera hurbildu den jende kopuruarekin" dio Agustinek. Pilota txapelketako finalak eta gero pilotari guztiak afaltzera bildu ziren San Migel elkartean, primerako giroan.