Irurtzungo gazte talde batek antolatutako 11. orga igoeran 8 bikotek hartu zuten parte. Herritar asko bildu ziren Gernika Plazatik Kultur Etxera bitartean dagoen aldapa ikusgarrian, bikoteka jokatzen den orga igoeraz gozatzeko. Parte hartzaileek aldapa igo eta jaitsi behar zuten, tartean ginkana antzeko bat gaindituz - pasarela batzuetatik pasa, arraultza dozena bat eraman...-. Jakina, probak ongi betez gero segundoak irabazten ziren, eta gaizki eginaz gero, segundoak galdu. Batez ere eraman beharreko arraultzekin izan ziren arazoak, asko lurrera bota eta lurra irristakor geratu baitzen. Ondorioz orga eramaileek arazoak izan zituzten, eta esaterako, orga igoerako talde partehartzaile bat ikusleen kontra erori zen.
Sailkapena
Irabazleak Roberto Martil "Pata Palo" eta Iñaki Morillas "Monkiki" izan ziren (2:09), iazko txapeldun Francisco Javier Iriarte "Txape" eta Juan Felipe Lizarraga "Ipe"-ren aurretik sailkatuz (2:35). Hirugarrenak Josu eta Alfredo (2:55), laugarrenak Ruben eta Txape Txiki (2:55), bosgarrenak Oskar eta Mikel (3:11), seigarrenak Andoni eta Kepa (3:21) eta zazpigarrenak Alejandro eta Jesus (3:28) izan ziren. Jonatan eta Andonik proba utzi behar izan zuten. Talde guztiek kamisetak eta ardo sortak jaso zituzten. Bestalde, trofeoa eta ardo sortaz gain, irabazleek 100 euro jaso zituzten, bigarrenek 50 euro eta hirugarrenek 25 euro.