Larunbatean, garilaren 29an, Lekunberriko Malloak eskuderiak Lekunberriko III. Rallysprinta antolatu du. Lasterketa hau baliagarria da Nafarroako Rally txapelketarako eta I. Renault Turbo koparako, besteak beste. Lekunberri eta Leitza arteko NA-1700 errepideko 8,8 kilometroko eremua lau aldiz osatu beharko da. Guztira 35,200 kilometro kronometratuko dira. Arratsaldeko 15:00etan abiatuko da lehen autoa.
Lekunberriko Rallysprintean parte hartuko dutenen artean dago Iban Lopez de Goikoetxea pilotu olaztiarra (Renault 5 GT Turbo, Eguzki Sport). Aritz Azpiroz kopilotu ziordiarraren laguntza izango du Ibanek. Momentuz, iban eta Aritz Renault Turbo Kopan lehendabizikoak dira, eta horregatik lan ona egin nahi dute Lekunberrin, sailkapenean goi postuan jarraitzeko.
Txozna Olaztin
Autoan publizitate berria estreinatuko du Ibanek. Automobilismo probatan parte hartzeko autoa egoera onetan izateaz gain, inskripzioetan eta mantenu kontuetan dirutza joaten da. Horregatik, Ibanek barraka edo txozna jarri du Olaztiko festetan, udaletxe zaharraren atzean, dirua ateratzeko. Gainera, kamisetak egin dituzte.