Hodei Mazkiaranen zilarrezkoa eta brontzezkoa Europakoan

Guaixe 2006ko uzt. 28a, 00:00
Europako Gazte Mailako Pistako Txirrindularitza Txapelketak jokatu berri dira Atenasen. Hodei Mazkiaran altsasuarrak brontzezko domina jaso zuen aurreko ostegunean kilometro bateko erlojupekoan, geldi aterata. 1:04:996ko denbora egin zuen, Espainiako errekorra gaindituz (orain artekoa 1994ko uztailaren 25ean ezarri zuen Diego Ortegak: 1:05:165). Gainera, Hodei Mazkiaran, David Martinez eta Angel Sixto taldekako abiadura proban laugarrenak izan ziren. Bestalde, larunbateko abiadura proban zilarrezko domina jaso zuen Hodei Mazkiaranek, Ingalaterrako Jason Kennyren atzean sailkatu ondoren. Igandean jokatutako keirin proban altsasuarra bosgarren sailkatu zen, antolakuntzak deskalifikatu zuen Greziako txirrindulari baten maniobrak aukerarik gabe utzi eta gero. Abuztuaren 5etik 8ra bitarrean Gazte mailako mundiala jokatuko da Belgikako Gante hirian. Hodei Mazkiaranek Espainiako selekzioarekin parte hartuko du. Aralar taldeko Senar eta Astiz hirugarrenak Espainiakoan Galiziako Padron herriak Espainiako Txirrindularitza Txapelketak hartu ditu. Nafarroako kadete mailako taldeak brontzezko domina jaso zuen erlojupekoan. Talde horretan zeuden Abel Pascual, Iñaki Zuasti eta Lakuntzako Aralar Txirrindulari Taldeko Adur Senar lakuntzarra eta Mikel Astiz. 11 kilometroko taldekako erlojupekoan irabazlea Murtzia taldea izan zen (13:54), bigarrena Gaztela Mantxa (14:16) eta hirugarrena Nafarroa, Gaztela Mantxako denbora berean. Ehunenak edo zentesimak erabaki zuten.