Ibarreko musika eszena disko batean bilduta

Guaixe 2006ko abu. 7a, 00:00
Sakanako Segi erakundearen bultzadaz ibarreko musika taldeen bilduma diskoa karrikan izanen da asteburuan. Talde guztiak ez badira ere, Sakanako talde gehienak daude Musikaz Sakana indartuz izeneko bilduman. Ekimen horrekin Segik musika taldeak "motibatu eta bultzada txiki bat" eman nahi izan die. Izan ere, gazte erakundearen iritziz, "talde horien atzean ilusio asko metatuta daude eta aukera emateak merezi du." Aldi berean, haien aurkezpen txartel modukoa ere izan nahi du diskoak, "jendeak taldeen erreferentzia izan dezan." Harresiak bota eta independentzia iraba zi leloa du Segi udan garatzen ari den plangintzak. Haien esanetan diskoarekin ere nolabaiteko harresia "eraisten" da, "SGAE eta OT bezalakoekin ezarri zaigun musika eredua gainditzen da". Sakanako Segik diskoa "sasian edo itzalpean dauden kide guztiei eta Sakanako gazte topagunean lan egin zuten guztiei" eskaini die. Musikaz Sakana indartuz diskoa asteburuan jarriko da salgai ohiko tokietan. 500 kopiak 4 eurotan salduko dira. Horretaz gain, bildumaren aurkezpena egiteko Etxarriko festetan, larunbatean eta inutilaren egunean izan ezik, kontzertuak izanen dira gaztetxe mustu berrian. (Ikus Etxarriko festetako programa). Bilduma 15 abesti biltzen dira diskoan. 9 kantu bildumarako propio grabatu dira Iruñeko K estudioan eta Altsasuko lokalean. Horietaz gain, aurretik grabatutako talde batzuen kantuak ere sartu dira.