Andaren eta Salazarren lanak Aralarte erakusketan

Guaixe 2006ko uztailaren 28a

Mailopearen magalean hegaletan izenburuko erakusketa zabaldu zen larunbatean. 40 bat artisten pintura, eskultura, fotografia, poesia biltzen du Aralartek. Arribeko Juan Gorriti eskulturagilearen ekimenez sortu da erakusketa eta horretarako bere inguruan bildu ditu bere lagunak. Haien artean dira Dora Salazar eta Jose Ramon Anda. Gainontzeko artisten modura bina lan utzi dituzte erakusketarako. Irailaren 10era arte zabalik egonen den erakusketa "munduko galeriarik handienean kokatuta dago." Hala adierazi zuen aurkezpenean Juan Gorritik berak. Izan ere, erakusketa bi lekutan dago ikusgai: Lekunberriko Mitsausenea kultur etxean eta Arribeko Mailope Galerian. Bi herriak Joxean Artzeren poesiaz lotuta gelditu dira. Horretarako bi erakusketa guneen arteko 12 km-etan poetaren olerkiaren bertsoak paneletan jarri dira. "Horregatik da munduko galeria handiena."Tartean da Aralar bera ere. Erakusketa, Lekunberrin, egunero 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik eta asteburuan, 11:30etik 13:30era. Arriben, berriz, 18:00etatik 21:00etara eta igandeetan, gainera, 12:00etatik 14:00etara.