Ingurutxo mitologikoa

Guaixe 2006ko abu. 7a, 00:00
Aurreko ostegun gauean ikuskizun bikaina eskaini du Porrusalda Kolektiboak. Orritz Dantza Taldeak eta gazte Irurtzundar talde batek osatzen dute aipatu kolektiboa eta haiek izan ziren bart Gauez gau ikuskizuna eskaini zutenak. Euskal mitologian oinarritutako dantza, antzezpen eta zuzeneko musikaz osatutako ikuskizuna ikusteko Irurtzungo plaza lepo bete zen. Haur talde bati kontakizun mitologikoak kontatzen zien amona izan zen ikuskizuneko ardatza. Hark txikiei kontatutakoak sarrera ematen zien Herensugea, Galtzagorriak, Mikelatsak, Mari eta euskal mitologiako beste pertsonaia batzuei jendaurrera agertzeko. Hala hainbat aktotan, besteak beste, Gizotxok behin amona nola eraso zuen, edo Marik amona gaizkile batzuez nola askatu zuen, Mikelats eta Galtzagorrien arteko joko eta zirikatzeak edo bakeroen filma batekoa zirudien Tartalo eta Basajaunen arteko duelu eta borrokaldia ikusi zituzten plaza betetzen zutenek. Landutako ikuskizuna Pertsonaia mitologikoek parte hartu zuten aktoetan gizakiak ere tartekatzen ziren, kontatzen zen istorioaren zati izanez eta honi osotasuna emanez. Hala, Porrusalda Kolektibokoek dantza egiteaz gain, antzeztu ere egin zuten. Guztia musika oinarri sendo batez lagunduta. Josetxo Goia Ariberen saxofoiak pertsonaia mitologikoek adierazi nahi zituzten sentipenak ederki azpimarratu zituen. Irurtzungo gaiteroen eta Orritz fanfarrearen arteko konbinazioak dantzei doinua jartzeaz gain osotasuna eman zion ikuskizunari. Belar fardoz sortutako eskenatokiak berotasuna eman zion emanaldiari. Hartan tartekatuak zeuden pantailen eta argi joko egokiaren bidez, gauaren efektua eta une nabarmenenak ongi azpimarratu ziren. Guztiak agerian utzi zuen urte guziko lana. Iazko ikuskizunak baino askoz aho zapore hobeagoa utzi zuen Gauez gau ikuskizunak. Bitartean, irudimenak egunerokotasuna gainditzen duen munduan, gauez gau, hortxe izanen dira mitologiako pertsonaiak.