Oihana Gallo Argentinan irakasle

Guaixe 2006ko uztailaren 21a

Oihana Gallo garila guztia darama Argentinan. Zehazki Buenos Aires probintziako Tres Arroyos herrian dago 30 urteko urdiaindarra. Udako oporraldia baliatuz urdiaindarra eta Estibaliz Solabarrieta euskara eta euskal dantza klaseak ematen ari dira Tres Arroyosko Hiru Erreka euskal etxean. Aldi berean, hango familia eta gazte eusko-argentinoekin elkar bizitzeko aukera dute. Euskal Herritik joandako irakasleen laguntzaz euskal etxe argentinarrak urtean zehar egindako lanari bultzada ematen zaio. Hala, egunero, 13:30etik 15:00etara euskara eskolak ematen dituzte eta 18:00etatik 19:00etara euskal dantza ikastaroa. Klaseak doakoak izan dira. Oihanak eta Estik hango egunkari bati adierazi diotenez, "pozik gaude klaseen martxarekin. Ederra da ikasteko gogoa dutenekin lan egitea." Dirudienez, ikasleen motibazioa oso handia izan da. Tres Arroyosko egonaldia eta lana bukatu eta gero, bi irakasleek Argentina iparraldeko gune turistikoak bisitatzeko asmoa dute. Hiru Erreka euskal etxea Loren Arkotxak zuzentzen duen Udalbiltzarekin duen hitzarmenari esker joan dira bi irakasle gazteak Tres Arroyosera. Hiru Erreka euskal etxeak halako ekimenak antolatzen esperientzia zabala du dagoeneko.