Akabo festak

Guaixe 2006ko uztailaren 21a

Gauerdian botatako trakarekin despeditu ziren asteartean Iturmendiko Karmengo Amari eskainitako festak. Azken egunean Santa Marina ermita inguruan pasa zuten iturmendiarrek. Eguerdian Fernando Razkin apaizak zuzendutako elizkizuna izan zen Urbasako ermitan. Elizkizunaren ondoren trikitilariek berotu zuten giroa, bazkal garaia iritsi bitartean. Ondoko pinudiaren itzalpean bildu ziren iturmendiarrak bazkaltzera. Mendian majo pasa eta gero herriko bidea hartu eta pilotalekuan ajoarrieroa afaltzera bildu ziren. Gauak ekarri zuen freskura ez zen nahikoa izan iturmendiarren parrandarako gogoa itotzeko. Ostiralean hasitako festak giro ederrean joan omen dira.