Gorriti, Jimenez eta Amillano aurrera egin nahian

Guaixe 2007ko urt. 26a, 00:00
Asteburuan bi aizkolari sakandarrak lehian sartuko dira. Lanean sartzen lehena aizkolari altsasuarra izanen da. David Amillano eta Julen Kañamares Aitzol Atutxaren eta Unai Aldaperen kontra neurtuko dira Ziordian, larunbatean, 20:00etan. Azken horiek Ugaitz eta Aratz Mugerza anaiak kanporatu zituzten igandean.  Igandean, berriz, Lesakan dago jarria hitzordua 12:30ean. Jaialdia bi neurketek osatuko dute. Aurrenekoan Joseba Jimenez etxarriarra, Jon Rodriguezekin batera, Rekondo-Erasun bikotearen kontra neurtuko da. Azken horiek aurreneko neurketa irabazita dute. Bigarrenean, berriz, Alkizalete II.a eta Iker Gorriti Oihan eta Garikoitz Larretxearekin neurtuko dira. Larretxeatarrek aurreneko neurketa galdu egin zuten. Aizkolari gazteek honako lana egin beharko dute: 45 ontzako enborra ahalik eta kolpe gutxienean moztu, erdi bana; 45 ontzako 2 enbor, erlojuaren kontra; 45 ontzako enborra zutik, txanda librean; 60 ontzako enborra etzana, txanda librean eta, azkenik, 45 ontzako bi enbor eta kana erdiko lau, txanda librean.