Finean Alfonso Zurroren Farsas Maravillosas obran oinarritutako 4 fartsa dira. Jon Barbarinek egin du egokitzapena eta zuzendaritza lana eta argiztapenaren arduraduna da. Eszenografia, jantzi, makillaje eta bestelakoen ardura Tarima Beltzarena da. Bost altsasuar igoko dira eskenatokira: Juan Manuel Herrero, Pili Maldonado, Jose Luis Liberal, Merche Herrera eta Maru Garcia.
Altsasura euren fartsak antzeztera datorren komiko familia baten berri ematen du antzezlanak, garai batean herriz-herri ibiltzen ziren lehengo komikoen alegoria da. Fartsak oso dibertigarriak izango dira, ukitu surrealistarekin: armiarma neskatila, aitona hegalaria, eskrupulorik gabeko bi emakume hiltzaile... Finean, bikain pasatzeko moduko lana da talde altsasuarrak ekarriko duena, umorez betea. Aktore bakoitza hiruzpalau pertsonaiaren larrutan sartuko da, eta horregatik mugimendu asko du antzezlanak, erregistro eta pertsonaia aldaketa asko. Otsailaren 3an, atzera ere Altsasun
Tarima Beltza taldeak ilbeltzaren 13an estreinatu zuen bere lana Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Eskainitako bi emanaldietan arrakasta itzela lortu zuen taldeak, eta Iortiako gela handia txiki geratu zitzaien. Altsasuar asko antzezlana ikusteko aukerarik gabe geratu zen, eta izandako eskaerak aintzat hartuz Altsasuko antzerki taldeak La familia Malumbres y sus farsas antzezlana ekarriko du atzera ere Altsasura. Emanaldia otsailaren 3an izanen da, Iortia Kultur Gunean, 20:30ean. Dagoeneko sarrerak salgai daude Iortian bertan.