Aurrekontua 226.046,36 eurokoa da: Arbizuk %68,52a ordainduko du, eta Etxarri Aranazkoak gainontzekoa. Jakina denez, Arbizuko Udalak 102.939 metro karratuko azalera dauka Utzubar industri gunean. Etorkizunean 99.534 metro karratu gehitu nahi dizkiote poligonoari, hainbat fasetan. Orain industri gunea handitze lanen lehen fasean murgilduta daude, 33.497 metro karratu urbanizatzen. Bestalde, Etxarri Aranatzek 67.678 metro karratuko industri gunea du Utzubarren eta momentuz ez dauka handitze planik.
Bi herriek hitzartutako hitzarmenaren bidez, Utzubar industri guneko saneamendu sarearen lanen zuzendaritza Arbizuko udalak hartuko du bere gain, Arbizuko Udalak Utzubar industri gunea Arbizurantz handitzeko lanak eman baititu eta lan horiek egiten ari direlako. Horregatik, aipatu proiektuaren erredakzioa egin duten teknikariek poligono guztiaren saneamendu sareen diseinua eginen dute, Etxarri Aranazko depuradorara.
LanakUr beltzen saneamendu-kolektorea eginen da, Arbizuko poligonoko kolektore nagusitik Etxarri Aranazko poligonoko ur beltzen saneamendu-kolektoreko isurbide nagusira. 580 metroko luzera izanen du, 6 erregistro-putzurekin. Trazatua Urdalurretik Sakanako Mankomunitatera doan ur hornidura hoditeriaren bidetik doa. Behin Arbizuko poligonotik Etxarriko poligonoko isurbide nagusira bitarteko konexioa egin eta gero, beste saneamendu-kolektorea eginen da Etxarri Aranazko saneamendu sare orokorreraino, 1.554 metrokoa eta 17 erregistro-putzurekin. Trazatua finka komunal eta partikularretik pasako da, eta horregatik beharrezkoa den desjabetze prozesua bideratu beharko dute Arbizu eta Etxarri Aranazko Udalek. Kolektorea landa bide batetik gertu jarriko da, mantenu lanak errazteko.