IrurtzunInauteriak dena hartuko duIrurtzungo inauteri ospakizunek, ohi bezala, Atakondoa ikastetxea izanen dute abiapuntua. 15:30ean pregoiaren irakurketa eginen da eta mozorroen desfileari ekinen zaio. Ongi merendatu eta gero ikasle guztien aurrean Marigorri erreko dute, baina inauteri izpiritua asteburu guztia geldituko da Irurtzunen.
Larunbatean, 12:30ean, joaldunak bere faleekin Irurtzungo kaleetan barna ibiliko dira ihotea garaia dela gogoraraziz. 14:00etan San Martin Jubilatu elkartean bazkaria izanen da eta ondoren inauteri dantzaldia. Inauterietako herri bazkaria ordu erdi geroago hasiko da. Zikiroa jan nahi duten guztiek aldez aurretik erositako txartela erakutsi beharko dute. Helduak mahaiaren inguruan bilduak dauden bitartean, haurrak haiendako propio prestatutako makillaje saio batean parte hartzeko aukera izanen dute. 15:30etik 17:30era izanen da, pintura gelan.
17:15ean , Irurtzungo musika taldeen laguntzarekin, auzoz-auzoko txistorra bilketari ekinen zaio. Bilketa bukatu eta gero, inauterietako herri desfilea eginen da, 18:00etan, plaza abiapuntu eta helmuga izanen dutena. Txistorra dastatzeko aukera ere izanen da. Inauteriko parrandak ilunarekin batera ere jarraituko du. Gauerdian, gainera, Larrazpin rock kontzertua izanen da.
Inauteritarako kultur kontseiluak prestatu duen egitaraua igandearekin despedituko da. 12:30ean, herri kirol jaialdia izanen da Bi Aizpe kiroldegian. Sakanako harri-jasotze eskolako kideak eta aizkolari gazteak izanen dira lanean. Sarrera doakoa izanen da.
EtxeberriInauteria larunbateanDatak gainean zirela eta ez dute jai egunak behar bezala ospatzeko, baina gabe ez dira geldituko. Etxeberriarrek larunbat arratsaldean, 18:30 aldera, ekinen diote ospakizunei. Ederki mozorrotuta kalejiran ibiliko dira aurrera eta atzera herrian barna. Segizioko kide den Mielotxinenak eginen du aurten ere, sutan bukatuko baitu 7:30 aldera. Kalejira eta gero nahi duen guztiak Herri-Erdi elkartera bilduko dira, 20:30ean, bakoitzak etxetik eramandakoarekin afari merienda egiteko.
Uharte ArakilMozorro larunbataIhote ospakizunak larunbatean izanen dira Uharte Arakilen, Galtz Orratz taldeak antolatuta. 14:30ak aldera ihote bazkaria dago Aralar Mendi elkartean. 80 bat lagun bilduko dira mahai inguruan, animosoenak ordurako mozorrotuta egonen dira. Gainontzekoak, bazkaldu ondoren, koadrilaka mozorrotuko dira. Beti ere, herri ikutuko mozorroak izanen dira.
Guztiak ere, giro ederrean, Uharten barna kalejiran ibiliko dira. Ihote segizioan besteak beste, opatuko dugu Galtz Orratz taldeak sortu duen zanpantzarra, 2 momotxorro gurditik tiraka eta haren gainean Agiriko amona (beltzez jantzia eta aurpegia estalia duela), makila baten puntatik Uharte guztia ikusiko duen panpina eta Xantimargo. Pertsonai beldurgarri horrek tamaina handia du eta guztiz itxura izugarria, lurreraino iristen den besoa, konkor handia eta beste. Xantimargoa haurrak beldurtuko ditu, atzera ere.
Segizioak Uharten barnako ibilbidea egiten duen bitartean sorpresa bat baino gehiago egon liteke. Baina ziurra dena ibilbidea Donibane plazan bukatuko dela. Han panpinari su eman eta haren inguruan dantza eginen da. Ondoren, 19:30ak aldera, indarrak hartzeko txokolatea banatuko da. Trikipoteoak uharteko ihoteetako parranda luzaraziko du.
Uharteko kintoakAtzo bazkaltzera bildu ziren Uharteko aurtengo 8 kintoak. Indarra hartu eta gero, traktorean sartu eta baserrietara joan ziren, trikiti doinuak lagun. Aralar magalean hasi zuten haien eskea. Handik bueltan Itsesi auzoaren zati batean ere etxez-etxeko eskean ibili ziren. Ondoren indarrak hartzeko afaltzera bildu ziren.
Gaur kinto uhartearrek haien parranda egiteko eskearekin jarraituko dute. Goizean lantegiak bisitatuko dituzte musikaren laguntzaz. Hori eta gero, eskolara joanen dira haurrei goxokiak banatzera. Bazkaldu eta gero Itsesia eta herrian etxez-etxe eskatzen jarraituko dute. Afariak parrandan jarraitzeko indarra emanen die. Larunbat goizean, atzera ere, kintoak kalera aterako dira eskean aritzeko. Ondoren ihote ospakizunekin bat eginen dute.
8 kintoek haien ospakizunak irauten duten 3 egunetan ez dira ezertarako etxetik agertzen. Atzo etxean opatu zuten arropa zaharrenekin jantzita atera ziren kalera, gabardina luzea aldean zutela. Janzkera horrekin emanen dituzte 3 egunak. Udalak utzitako egoitza batean egiten dute. Jasotzen duten diruarekin Mendikoan gosalduko dute, Motxalen bazkaldu eta Anaiak-en afaldu.
ArruazuTxikienak nagusiIgande arratsalderako dago iragarria ihote ospakizuna Arruazun. Etxeko txikienak mozorroak jantzi eta etxerik etxe eskean ibiliko dira 17:00etatik aurrera. Haien ibilbidean jasotako sosa eta jaki guztiekin ostatura joanen dira eta han merienda ederrarekin gozatuko dute.
LakuntzaZatamarroak ailegatu aurretik bada zerekin gozatuGaur iritsi eta asteazkenera arte gelditzeko etorri da ihote izpiritua Lakuntzara. Eskolako inauteri segizioak emanen dio hasiera ospakizunei. Luis Fuentes ikastetxeko arduradunak inauteri garairako urtero zerbait sortu eta asmatzen egon beharrean segida izanen duten ihote herrikoi baten aldeko apustua egin dute aurten. Hainbat elementu uztartuz errotzeko borondatez sortu dute gaur mustuko duten ihote segizioa.
Haien buru eskolan egin dituzten bi erraldoi izanen dira, alkatea eta almintea. Ihoteen agintariak izanen dira. Segizioan presente egonen dira, baina ez dute dantzatuko. Haiekin batera segizioa osatuko dute zatamarroek - umeek gehien maite duten pertsonaia-, emaiñe -emakumeek presentzia izateko sortutako pertsonaia-, gardolariak - gardoekin osatutako tiki-taka musika tresna jotzen dutenak- eta potoluek - neskak mutilez jantziak eta alderantziz; aberats izandakoak orain pandereta besterik ez dute-. Pertsonai guztiek komunean dute artilezko galtzerdia keta zatak jantziko dituztela.
Lakuntzako ihote ospakizunak zabalduko duen segizioa arratsaldeko hiruak pasa direnean abiatuko da eskolatik, soinulariak lagun dituztela. Bidean doazela okasiorako propio sortutako kanta abestuko dute. Lakuntzeraz dago eta direnen berri ematen du kantuak. Kantuan herriari buelta emanen diote eta hainbat geldialdi eginen dituzte Sorgin dantza dantzatzeko. Ibilbidean barna mozorrotu gabeko pertsonarik ikusiz gero haiengana hurbildu musu zikinarekin zikinduko dituzte. Horrela dute asmoa eskolakoek Lakuntza neguko loalditik esnatzeko.
Iyotien abestiye
Egun betien Lakuntzen iyotiek zienhan ikusi nittubeneskolako haurrekelegante jantzitedenak mozorratutebatzuk musike jotzenta bestiek dantzatzen
Eskolako ataitikerraldoyek gukinpasietzia ziyuezenalkatie ta almientiegardolariek de bei,tiki-taka-tikipottoluek elkarrekipanderue ta guzti
Zaku zaharren azpiyenbeste hiru zien arimakile luziekihara ta hona korritartien aitzen zenumien garrasizatamarro begi-gorriurtien behin etorri.
GehiagoLarunbat eguerdian txikiek hitzordua dute. Mozorroak jantzita, trikitixaren doinuez lagunduta, Lakuntzan zehar kalejiran ibiliko dira. Gosea egin eta gero, ordu bietan, Lakuntzako pertza elkartean bazkaltzera bilduko dira haurrak. Handik jaso eta gero, 17:00etan, Erdizka Lauetan taldearekin gozatzeko aukera izanen dute. Garai berean jende larria kafea eta kopa hartzera bilduko da elkartean. Ondoren triki-poteoa hasiko da. Lekuntzako Pertza elkarteak ihote afaria eta dantzaldia hartuko ditu.
Asteartean, berriz, haurrak mozorrotuta ikusteko aukera izanen da. Arratsaldeko lauretan haiendako antzerki saioa izanen da. Hura bukatutakoan, zatamarroak agertuko dira karrikan eta korrikaldi ederrak ikusteko aukera izanen da. Ihote ospakizunak zazpitan banatuko den txokolatearekin despedituko dira.
Lakuntzako kintoakKintoek eta haien laguntzaileek astelehen goizean dute hitzordua jarrita. Guztiak bildu eta gero festa egin ahal izateko eskean hasiko dira. Eta ibilbide hori lantegietan barna abiatuko dute. Industrialdean aurrera eta atzera ibili eta gero, gosea eginda, mahaira bilduko dira bazkaltzera. Arratsaldean, bonboa aldean dutela, Lakuntzan etxez-etxeko eskea eginen dute. Afaldu eta gero Tolosako bidea hartuko dute. Handik bueltan, asteartean, gosaldu eta musikaren laguntzarekin etxez-etxeko eskearekin jarraituko dute. Bazkari eta afari ederrak egin eta gero, parranda Altsasun despedituko dute.
ArbizuTxatarretako dena prestUdalak, Zizkerte kultur taldeak eta kintoek antolatutakoarekin dena prest dago Arbizun txatar ihoteak behar bezala ospatzeko. Eta hasi, gaur betan hasiko dira. 22:00etan Nafarroako Bertsolari Txapelketarako sailkapen saioa jokatuko da Aldabide elkartean. Afaldu ondoren Eneko Lazkoz, Ekaitz Astiz, Iker Iriarte eta Iñaki Aleman bertsolariak izanen dira kantuan.
Larunbatean egun handia biziko da Arbizun. Eguerdian, plazan, ahatea izanen da. Indarrak hartu eta gero, 12:30ean, herri guztiari buelta emanen dion mozorroen kalejira abiatuko da. Hura despeditzean, 14:30ean, kiroldegiko frontoia txatarrez jantzitakoen jangela handia bihurtuko da. Herri bazkariaren ondoren, 19:30etik 21:30era eta gauerditik 03:00etara Argi Bidea elkartean musika izanen da. Astelehen ihote egunarekin, Arbizun, haurrendako zinema emanaldia iragarri dute. 17:00etan izanen da saioa.
Astearte ihoteArbizuko ihoteak asteartean biziko du beste egun handia. Goizez, ''''pixkeet eskien'''' joanen dira etxez-etxe eta, ondoren, plazan musikarekin gozatzeko aukera izanen dute. Arratsaldez, 17:00etatik aurrera, haurrendako jolasak eta txokolatea prestatu dute. Bi ordu geroago udaletxean argazkien proiekzioa izanen da.
19:30ean abiatuko da trikitilarien kalejira eta plazan txistorra banatuko da. Ordurako Aittun haundiya eta amin txikiya bere etorkizunaz urduritzen hasiak izanen dira. Izan ere, 20:00etarako iragarria baitago haien erreketa kale nagusian. Ohi bezala, sutik hanka egiten saiatuko dira salto handiak emanez, baina alferrik izanen da. Eguna borobiltzeko Alda Bide elkartean afaria izanen da.
Udalak, Zizkertek eta kintoek jendea txatarrez janztea animatu nahi ditu. Horretarako zakuak banatuko dituzte.
Arbizuko kintoakAurten 10 dira Arbizuko kintoak eta zeruko urdinaren kolorea duen atorran hautxiyek izena daramate. Kintoek gaur bertan hasiko dituzte ospakizunak trikipoteoarekin 19:00etan. Kiroldegiko tabernan majo afaldu eta Arbizun poteatzen izanen dira. Larunbatean ihote ospakizunak bere eginen dituzte eta primeran pasako dute. Hori bai, igandean, 11:00etarako-edo etxez-etxeko eskeari ekinen diote. Haiekin batera almintea joanen da moskatela eta pastak eskaintzen. Itzulia egin eta gero, Izarran bazkaldu, poteatu eta jubilatuenean afalduko dute. Afalostean Tolosara joanen dira, parrandara. Astelehenean, atzera ere, Juanitoko mahaiaren inguruan bilduko dira kintoak bazkaltzera. Haien asteleheneko parrandak, Karrikan afaldu ostean, Tolosan jarraituko du. Hara Lakuntzako kintoekin batera joanen dira. Baina astearterako fresko egon beharko dute ihote ospakizunen antolakuntzan aritu beharko baitute. Indarrak hartzeko Martintxonen bazkaldu eta Alda-bide elkartean eginen den ihote afaria haiek antolatuko dute. Ondoren Etxarrin edo Altsasun jarraituko dute parranda,
UnanuMamuxarro, xirri xarroMauka luzeko kamixeta eta galtzontzilo luze zuriak, gerriko beltza edo gorria, soina alderik alde zeharkatzen dion larruzko gerrikoetan pazpalinak, galtzerdi zuriak, zatak eta aurpegia metalezko katuelaz aurpegia estalia duen inor ikusten baduzu igandean edo asteartean Unanun, argi ibili. Eskuan duen zigorra azkar ibiltzen du eta. Ez dute aurkezpen handirik behar, mamuxarroak dira.
Igandean mamuxarro txikien eguna da asteartean mamoxarro handiena. Arratsaldeko laurak eta erdi aldera aterako dira eta seiak bitartean Unanuko nagusi izanen dira, argazkilari eta komunikabideetako ordezkariek uzten badiete behintzat. Ondoren, eliz atean, auzatea izanen da. Gazta, txistorra eta beste dastatu ondoren, musikak lagunduta etxez-etxeko eskean hasiko dira. Lehen, gehienbat, jatekoa biltzen zuten. Orain, aldiz, dirua da jasotzen dutena batez ere. Hura eguneko afaria ordaintzeko erabiliko dute.
Etxarri AranatzIyotetan txatarras janztia!3 ostegunetako ospakizunak eta gero, Etxarriko iyotiek azken bi egunak hartuko dituzte. Zalduniyoten etxeko txikiak izanen dira txatarraz jantziko direnak. 18:00etan plazatik kalejiran abiatuko dira guztiak eta herrian barna musikaz lagunduta ibili eta gero, plazara iritsiko dira. Han Etxarri Aranazko dantzariek "lantzeko zortzikoa eta Zuberoko bolantak dantzak dantzatuko dituzte. Trikitilarien doinuekin batera, txokolate gozoa dastatzeko aukera izanen da Etxarriko plazan ondoren.
Asteleheniyotean kintoak afaltzera bilduko dira eta ondoren Tolosako bidea hartuko dute. Gaua parrandan eman eta gero, astearteiyotean kintoek, txaranga lagun, herrian barna kalejiran egonen dira, eskean. Haien txano koloretsuak beraien kokapenaren berri emanen dute. Kintoekin batera ihote segizioa osatuz haurrak haien mozorroekin joanen dira.
Astearteiyoteko 17:00etan txokolatea banatuko da gustuko duten guztiendako eta, ondoren, Txiki Truk kale animazioa izanen da. Dantzaldia 19:30ean hasiko da plazan eta gaueko etenaldia lagun taldeek afaltzeko baliatuko dute. Ondoren ordu txikiak arte parranda ziurtatuta dago.
Guztia antolatzen Kintoak, Etxarri-Aranazko Gazte Asanblada, Andra Mari Ikastolako eta San Donato Eskolako Guraso Elkarteak, Infernuko Hauspue, Udal Musika Eskola, Ludoteka eta Etxarri-Aranazko Udala izan dira. Guztiek ere etxarriarrak txatarraz janztea eskatu diete.
BakaikuKamarroen bisita larunbatean Ihote ospakizunak Bakarrekoetxea elkartean eginen den bazkari batekin hasiko dira Bakaikun. Bazkaltzera biltzen direnak bapo jan eta edan eta gero, kamarro jantziekin estaliko dituzte gorputzak, seirak aldera herrian barnako etxez-etxeko errondari ekiteko. Segizioan kamarroekin batera, gurdia, golda, errautsa botatzen dutenak eta beste osatuko dute segizioa.
Ihoteek asteartean izanen dute segida Bakaikun. Haurrak protagonista izanen dira. Eguerdirako dute denek hitzordua jarrita. Mozorrotuta agertuko dira eta bazkal garairaino jolasten egonen dira. Bakarrekoetxea elkarteko mahai inguruan 35 bat haur bilduko dira ordu bietan bazkaltzera, merezitako bazkaria baita. Izan ere, Santa Ageda egunean eskean ibili zirenean jasotako diru guztia bazkaria ordaintzeko erabiliko da. Ondoren, bostak aldera eta musika lagun dutela, mozorro kalejira eginen dute Bakaikun barna. Ihote segizioaren ibilera plazan bukatuko da, txokolatea dastatzeko aukera izanen dute orduan.
IturmendiTxikiak lehenik, handiak geroIturmendiko txikienek igande arratsaldean ospatuko dute ihotea. 18:00ak aldera plazara bilduko dira denak, haien mozorro ederrekin. Kamioi batean propio prestatutako gurdi batean gainean batzuk haren aldamenean besteak, Iturmendiri buelta emanen diote, musikaren doinuekin alaituta. Kalejira bueltatu ondoren, plazan mozorro lehiaketa eginen da. Ospakizuna despeditzeko txokolate goxoa eta merienda ederraz gozatzeko aukera izanen dute bildutako guztiek. Kultura batzordeak antolatu du guztia.
Astelehen arratsaldean haurrak kalera mozorrotuta aterako dira eta 21:00etan txokolatea dastatzeko aukera izanen dute. Astearte iluntzean, berriz, haur eta helduak mozorrotuko dira. Aitzkozar elkartean afaria izanen da eta hartan parte hartzeko izena eman beharko da.
UrdiainMamoxarro egunakLarunbatean ospatzen den manta egunarekin hasiko dira ihoteak Urdiainen. Arpilerazko mantak soinean jantzi eta giza itxurako irudiak inguruan dituztenak zirikatu eta berotuko dituzte. Adin guztietako urdiaindarrek parte hartuko dute manta egunean.
Hari segida mamoxarroak hartuko diete. Domekan mamoxarro txikien txanda izanen da. Zortziak bitartean, arratsalde guztia, aurrera eta atzera ibiliko dira mamoxarro txikiak, jendearen atzetik, haiek berotzeko asmoz. Domekarekin zenbait jende larri ere mamoxarroz janzten bada ere, haien eguna, mamoxarro handien eguna, asteartea da. Txikitan ikasitako jokabidea errepikatzen dute mamoxarro handiek astearte arratsaldean. Korrikaldi ederrak egin eta eginarazteaz aparte, mamoxarroek ere antzezpenak egiten dituzte. Sorgin afaririk ere izanen da asteartean Urdiainen.
Mamoxarroak, bai txikiak bai handiak, goitik behera janzten dira, aurpegia bera ere estaliz. Hainbat itxura har dezakete: ardi-narruak dituzte batzuk, buruan txano konikoa jantziko dute besteek, ohe-estalkiak hangoak, farak eta beste. Guztia identitatea ezkutatzeko. 20:00etan jakinen da zein da zein.
AltsasuParte hartzeko deia egin du batzorde antolatzaileakMomotxorro txikiek elkarretaratze propioa izanen dute astearteanAsteartean prentsa aurrean eginiko agerraldian Inauteri Batzordeak aurtengo ihoteen berri eman zuen. Prentsaurrekoan azpimarratu zutenez, ihotea "ospakizun herrikoia" izatea nahi dute eta horretarako "parte hartzeko bideak jarri" dituzte. Inauteri Batzordetik ihotea den "kaos" hori pixka bat antolatzen du, baina "altsasuarrak, eta kanpokoak ere, parte hartzeko eta ospakizunean bere ekarpena egiteko aukera" zutela nabarmendu zuten. Aldi berean, "mozorroa nahi den garaian jartzeko" azaldu zuten, "horretarako ez baitago garai jakinik".
Txikien inauteriaDomekan, ohi bezala, haurren mozorro dantza izanen da Foruen plazan, 18:00etatik 20:30era. Txiki-truk kale animazio taldeak giroa gozatuko du, banatuko den txokolateak nahikoa ez badu egiten. Inauteri Batzordeak haurrak parte hartzera gonbidatu ditu. Guztia 18:00etatik 20:30era izanen da.
Astearte inauteriaEguerditik aurrera Agoizko Burrunbak bere perkusio eusko-brasildarrak Altsasun barna zabalduko ditu. Doinuek 14:30ean etena izanen dute, bai burrunbakoak bai txartela eskuratzen duen edozeinek herri bazkarian alubi goxoak janez asetzeko aukera izanen baitu. Hori bai, ezin bestekoa da bazkaltzera mozorroturik joatea. Txartelak, domekara arte, 7 eurotan salgai daude Altsasuko hainbat tabernetan. Iaz 200 bat izan ziren ihote bazkaltiarrak.
Astearte ihoteko berrikuntzetako bat Momotxorro txikien elkarretaratzea izanen da. Inauteri Batzordekoak aski "galduak eta arriskuan" ikusten zituzten txikiak helduen segizioan. Hori dela eta, eta txikiei beharrezko protagonismoa eman eta transmisioa ziurtatzeko eta zabaltzeko asmoz, antolatu dute astearteko elkarretaratzea, "askok ez baitakite momotxorroen dantza bera dantzatzen". 17:00etan Zumalakarregi enparantzan ihote segizioko pertsonai guztien mozorroak ikustea gustatuko litzaieke batzordeko kideei eta horretara animatu dituzte haurrak. Gainera, Lagun Onak elkarteak egindako txokolatea ere banatuko dute plazan.
Zumalakarregi plazatik, haur guztiak, burrunbaz lagunduta Foruen plazara arteko ibilbidea eginen dute, helduen segizioaren antzera. Horretan Etorkizuna Dantza Eskolaren laguntza izanen dute. Batzordeko kideek Foruen plaza topaleku bihurtuko dute. Hala, 19:00etan, Berriozarko zanpantzarra eta burrunba bidea zabalduz altsasuar guztiak Zelandi aldera joanen dira, han mozorroak janzteko.
Helduen ihote segizioa 19:30ean abiatuko da. Hura zanpantzarrak zabalduko du eta ohi bezala osatuta egonen da. Segizioko berritasun bakarra bere baitan burrunba tartekatuko dela. Batzordeak neurri horrekin momotxorroen dantza indartu nahi du. Izan ere, musika ez da askotan entzuten eta burrunbarako Enrike Zelaiak prestatutako erritmo baten bidez momotxorroei dantzatzeko erraztasunak eman nahi zaizkie.
Segizioa, zanpantzarra buru dela, 21:30ean sartuko da Foruen plazan. Joaldunak buelta pare bat eman eta gero gainontzekoak sartuko dira. Burrunbaren erritmoak nabarmenduko dute ondorengo momentuak. Azkenik, ezkila-errepikak mozorroak kentzeko garaia markatuko du.
Inauteri Batzordeak jakinarazi zuen 1.200 euroko aurrekontua dutela. Hura Amandrea, Zubeztia eta Zubiondo elkarteek egindako torrijen salmentarekin, zapien salmentarekin eta laguntzaileen ekarpenarekin estaltzen dute. Batzordetik ihotea aurrera ateratzen lagundu duten guztiei eskerrak eman zieten, eta iaz hil zen Manuel Zelaiari astearteko bazkarian eginen zaion omenaldiaren bidez guztiak omenduk nahi zituztela azpimarratu zuten. Inauteria Altsasun piñata larunbatarekin despedituko dela ere gogorarazi zuten.
Matxin gaiztoakAltsasuko Gazte Asanbladak ere bere ekarpena eginen dio astearte ihoteari. 15:30ean Matxin gaiztoen bilkura eginen da gaztetxean. Ordu erdi eta gero, trikitixa doinuak lagun, alde zaharretik barna puska biltzea eginen dute. Jasotakoa 17:30ean Foruen plazan eginen den meriendan dastatzeko aukera izanen da. Matxin gaiztoak ihote segizioan ere parte hartuko dute eta guztia borobiltzeko, 22:30ean gaztetxean afaria izanen da. Hartarako txartelak Biltoki, Gautxori eta Lurrazpin daude salgai.
OlaztiMari Erreka eta Zamar haundien bisitaInauteri Aldeko Batzordeak dagoeneko ihoteak prestatu ditu eta olaztiarrei parte hartzeko gonbitea egin die. Ospakizunak gaur ostirala, 20:00etan, hasiko dira, Mari Arroka Urbasatik jaitsi eta Olaztira iristen den garaian. Haren zain iratxoz eta sorginez mozorrotutako olaztiarrak izanen dira. Berarekin batera herriko karriketan barna kalejiran ibiliko dira. Segizioa plazara iritsiko da eta han Mari Arrokari harrera eginen zaio. Ondoren, San Migel elkartean auzatea izanen da.
Larunbaterako ihote bazkaria dago iragarria San Migel elkartean. 15:00etan eseriko dira mahaira. Handik jaso eta gero mozorrotu eta Clinker aldera joko dute. Izan ere, handik abiatuko baita 18:30ean zamar handien (haiek lurrez gainezka daramaten gurdia), zamar txikien eta nesken segizioa. Herrian barna ibili eta gero plaza izanen dute helmuga. Han zortzikoa dantzatu dute zamarroek. Ondoren ihote bazkaria izanen da San Migel elkartean
Udalak, bere aldetik, Izar gorri taldearekin dantzaldia antolatu du, larunbat gauerditik aurrera. Udalak ere ihoterako larruak jasotzeko aukera eman du, beti ere 20 euroko bermea ordainduta.
ZiordiaHaurrak protagonistaAstearte inauteri arratsaldean izanen dira inauteri ospakizunak Ziordian. 17:00etan haurrak mozorroa jantzia dutela bildu eta trikitixak lagun herrian barna kalejiran ibiliko dira. Ibilbidea bukatu eta gero mozorrotutako txikiak txokolate bero-beroa dastatzeko aukera izanen dute elkartean.