Arte erakusketa korrika kulturalaren eskutik

Guaixe 2007ko ots. 16a, 00:00
ArtistakElena Verak margolanak eta ordenagailu bidez eginiko lanak erakutsiko ditu Korrika Kulturaleko erakusketan. Iortian zintzilik izanen diren 3 olio-pinturek tamaina ertaina dute. Haietako bi komiki marrazkietan oinarrituta daude eta pop-art kutsua dute. Hirugarrena, abstraktuagoa, paleta txikiak erabiliz margotu du. Horrekin batera, egin berri dituen zenbait lan digital ere erakutsiko ditu. Ordenagailu bidez foto konposizioak egin ditu, argazkiekin jolastuz, eta gero haien gainean ilustrazioak gehitu ditu. Altsasuarrak urte eta erdi darama Gasteizen bizitzen. Publizitaterako diseinu grafikoa ikasten ari da. Aurreneko aldia da Altsasun bere lanak erakutsiko duena. Aurretik, tabernetan eta antzeko tokietan erakutsi du bere lana. Beatriz de la Vegak animaliak gai dituzten 8 edo 9 koadro handi zintzilikatuko ditu Iortian. Pintura akrilikoarekin eginiko lan horiek altsasuarraren azken bi urteetako sorkuntza lanak dira. Beatriz de la Vega altsasuarra arte ederretan lizentziatua da. Zinema arloan eskarmentu handia du, hainbat filmetako dekorazio sailean lan egiteaz gain, bi film labur ere zuzendu baititu: Los Goikoetxea eta Sarabe. Imanol Arrietak burdin mazizoan landutako 6 edo 7 eskultura izanen dira ikusgai Iortian. Gai anitzak jorratzen dituzten eskulturak dira Imanolenak. Hernariarra sortzez, egun Iturmendin bizi da. Materialak eta bolumenak lantzen Kolonbian has izen, alanbrea eta buztina lehengai zituela. Ondoren, Antonio Oteizarekin eskultura eta buztingintza ikastaroak eginak ditu. Kiki Asensiok erakusketa horretan 3 argazki jarriko ditu. Bat Josefina Arregi zentrorako egindako egutegia da. Beste batean, leiho zahar bat oinarri hartuta argazkilari altsasuarrak 6 irudi ezberdin ematen ditu. Horiekin batera tamaina handiko beste argazki bat ere erakutsiko du. Kiki Asensio Bartzelonan dagoen Institut Fotografic-en egin zituen argazkilaritza ikasketak. Haiek despeditu eta gero, argazkilari dabil Altsasun duen dendan.