Musika eskolako irakasleek greba mugagabea hasi dute

Guaixe 2007ko mar. 2a, 00:00
Altsasuko musika eskolako irakasleek asteazkenean prentsaren aurrean egin zuten agerraldian salatu zutenez, "udalarekin ez da negoziaziorik izan eta gutxiespena azaldu digute eta horrek bultzatu gaitu mugagabeko greba egitera". Udalari "lan hitzarmen berri bat lortzeko negoziazio bideak zabaldu ditzala" eskatu zioten grebalariek. Aldi berean, "udala gatazkaren arduradun bakarra" egin zuten, "musika eskolarekiko eta bertako irakasleekiko azaldutako utzikeria eta sentsibilitate sozial faltagatik". Adierazi zutenez "greban hasi aurretik udalarekin harremanetan jarri ginen, negoziatzen hasteko, baina udalak ez zuen ezer esan". Baldintza eskasakMusika irakasleek jakitera eman zutenez 2001ean sinatutako lan hitzarmenak arautzen ditu lan harremanak. Hitzarmen hura gaur egun ez dela betetzen salatu zuten grebalariek. Azaldu zutenez, sinatutakoaren arabera "progresiboko irakaskuntza pribatuko lan hitzarmenarekin parekatuko" zen. Haien lan egoera "guztiz prekariotzat" jo zuten. Argitu zutenez 9 hilabete eta erdiko lan kontratuak dituzte eta urtero langabezian bukatzen dute. Zenbait langilek horrela 27 urte daramatela ere ziurtatu zuten. Soldatari dagokionez, grebalariek salatu zuten iazko soldatan ez zitzaiela KPIa igo, ezta ordezkapenak, epaimahaikide izatea eta bestelakoengatik ordaindu beharrekoa pagatu. Udal langile diren heinean KPIa urtero igo beharko litzaiekeela uste dute musika irakasleek. Haiek aitortu zuten udalak "hitzez" esan ziela otsaileko nominan atzerapenak kobratuko zituztela, baina hala zen ez zekiten. Irakasleak kexu azaldu ziren "titulazioa eskatzen badigute, irakasle bezala kobratzea ere". Gainera, euren "prestakuntzarako eta euskara ikasteko" bideak ez direla bete ziurtatu zuten.  Musika eskolaren egoitza ere irakasleen kexurako arrazoia izan zen. Besteak beste salatu zuten "toki falta, gela falta, baldintza akustiko eta higieniko eskasak, material zahar eta eskasa eta beste". Azaldu zutenez "zenbait hilerako lekuz aldatu gintuzten Navarro Villoslada eskola ohietara eta 9 urte daramatzagu (lehen Gure Etxean zeuden)". Horrek guztiak haiengan eta ikasleriarengan eragina duela ziurtatu zuten. Musika eskolako patronatuak hartutako erabakiei udalak ez ziela jaramonik egiten ziurtatu zuten. Aldi berean, gehitu zuten patronatuko azken bileran gurasoek hura desegitea eskatu zutela.   Udalak musika eskolarako egitasmo berriak dituela dioAltsasuko alkateak adierazi zuenez, "musika eskolak 25 urte edo gehiago darama egoera txarrean". Egoera txar orokor hori udalarendako 3 arlotan nabarmentzen da: "egoitza, estatutuak eta, lan baldintzak". Udalak azaldu zuenez, irakasleekin negoziaziorik ez da izan haien eskaerekin (lanpostu finkoak eta irakaskuntza publikoarekin parekatzea) ados ez zeudelako. Udalak musika eskolako estatutu berriak onartu eta negoziazio mahaia osatzeko borondatea azaldu du.   Egoitza eta estatutuakMusika eskolaren egoitzari dagokionez, udaletik adierazi zen "27 urtetan arlo horretan ez da ezer egin. Dagoeneko izan ditugu zenbait bilera musika eskolarekin, abesbatzarekin eta herrian musikaren inguruan ibiltzen direnekin. Guztiei musika eskola berrirako ekarpenak egiteko eskatu diegu eta jaso ditugu. Arkitekto taldeak heldu den astean ekarriko dio udalari musika eskolaren proiektua". Udalak lanak aurten hastea espero duela ere aurreratu zuen. Musika eskolako estatutuei dagokienez, alkateak ziurtatu zuen "zaharkituta" daudela eta gehitu zuen: "nik, pertsonalki, estatutu berri batzuen zirriborroa egin nuen. Musikako eragileen artean banatu dira lan tresna izan daitezen eta ostiralean zirriborro horren gainean lan egiteko bilera dago". Alkateak aurreratu zuenez estatutu berrien zirriborroak, besteak beste, jasotzen du: musika eskolaren barne araudia; aginte-organoak; ikasle eta irakasleen bete behar eta eskubideak; guraso elkartearen eraketa eta funtzionamendua; eman beharreko irakaskuntzei buruzko zehaztapenak eta abar. Lan baldintzakUdalak "onargarritzat" jo zuen irakasleek 12 hileko kontratua eskatzea. Hala ere, argitu zuen irakasleek aurretik eskatu zutela Nafarroako irakaskuntza publikoarekin parekatzea, "orain pribatuarekin ari badira ere". Alkateak adierazi zuen Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan argibide eske izan zela udala eta jakinarazi zietenez "musika, irakaskuntza ez-arautua da. Bestela esanda, irakaskuntza ez-ofiziala da". Irakasleen soldataren KPIaren igoeraren inguruan udaletik jakinarazi zen "2005eko eta 2006ko udal aurrekontuetan soldata igoera hori aurreikusita zegoen. Lan hitzarmenik ez dagoenez, langileek soldatari KPIa igotzeko eskaera egin behar dute. Irakasleek eskaera otsailaren 12an egin zuten eta langileen batzordeak egoki jo zuen ordaintzea eta, dagoeneko, egina dago". Federazioan ere azaldu zioten udalari musika eskolako irakasleak udal-langileak direla. Alkateak adierazi zuenez "administrazioko langile izateko oposizio-lehiaketa bat pasa behar da. Horrela lortzen dira lanpostu finkoak administrazioan, ez bestela". Musika eskolako irakasleriaren egoera erregularizatzeko etorkizunean lehiaketa deituko dela aurreratu zuen udalak. Dirudienez, badira zenbait urte udalaren plantilla organikoan musika eskolako irakasleen postuak hutsik ageri direla. Alkateak, bestalde, argitu zuen "udalak zenbait irakasleri 15 urte daramatza euskara ikasteko eskatzen. Udalak ez dio sekula langile bati euskara ikasteko trabarik jarri". Eta gehitu zuen, "Altsasun dagoen eskaerarekin lotsagarria da musika eskolako eskaintza elebiduna ez izatea". Irakasleek euren burua prestatzeko aukeren falta salaketari udalak zera erantzun zion "urtean erreziklatzeko 40 ordu dituzte eta ez dute sekula eskatu". Dirudienez, heldu den astean gurasoek batzarra eginen dute.   Musika eskola220 ikasle ditu gaur egun Altsasuko musika eskolak. Irakasleak eta eskaintzen dituzten gaiak hauek dira: Juli Alvaro, musika lengoaiarako hastapena; Anabel Valencia, pianoa eta musika lengoaia; Belen Valencia, pianoa, musika lengoaia eta abesbatza; Erramun Oiartzabal, saxofoia; Marta Allué, biolina; Igancio Zabala, gitarra (klasikoa, akustikoa eta elektrikoa) eta baxua; Jose Angel Díaz, perkusioa; Luis Orduña, bonbardinoa; Mari Luz Zabala, akordeoia; Puri Alzelai, gitarra klasikoa; Alex Martinez, txistua eta Jasone Etxebeste, klarinetea. Eskolak, gainera, orkestra txiki bat, fanfarrea, abesbatza txikia eta eskolania ditu.