La otra Bernarda ikusgai Irurtzunen

Guaixe 2007ko mar. 9a, 00:00
Irurtzungo Antzerki Eskolak La otra Bernarda izeneko antzezlana taularatu eta aurkeztuko du, asteburuan, Irurtzungo Kultur Etxean. Irurtzungo Antzerki Eskola osatzen duten 13 aktoreak Federico García Lorcaren La casa de Bernarda Alba antzezlan ezaguna aurkeztu behar duten zuzendari eta aktoreen azaletan barneratuko dira aurten prestatu den antzezlanean. Aipatu obra famatuaren entseatze lanean daude, dena prest dago, ikusleak zain, aktoreak gertu eta zuzendariak egoera kontrolatzen du... Baina taularatuko dutena beste Bernarda bat izanen da. Aktoreek obrako pertsonaiak antzezteko egindako ahaleginak agerian geratuko dira, emanaldia prestatzerakoan izan dituzten lorpenak eta frustrazioak ikusiko dira... Finean, antzerkia antzerkiaren ikuspegitik ikusiko da, antzerkia antzerkiaren barrutik. Lorcaren lan famatuaren ikuspegi ezberdina ikusteko aukera eskainiko dute Irurtzungo aktoreek, Angel Sagües antzerki zuzendariaren gidaritzapean. "Antzezlanean obra zuzentzen ari den zuzendaria eta obra antzeztuko duten emakume aktoreak daude, eszenatokian eta eszenatokitik kanpo gertatzen denaren artean paralelismoa sortuz" dio Sagüesek. Iruñeko zuzendariak gaineratzen du Lorcaren lanaren drama eta seriotasunaz gain, komedia eta ironia bezalako erregistroak antzematen direla Irurtzungo Antzerki Eskolak taularatuko duen lanean. Antzerki Taldearen 6. denboraldiaKultur Kontseiluak antolatutako Irurtzungo Antzerki Eskolaren seigarren denboraldia da aurtengoa. Orain arte irurtzundarrak Asun Abaden zuzendaritzapean aritu dira antzerkiaren lanetan murgiltzen, baina aurten Abadek ezinezkoa izan du eta haren tokia bere bikote den Angel Sagües antzerki zuzendariak hartu du, urte hauetan taldea gertutik ezagutu duena. Badira hasiera-hasieratik antzerki taldeko kide direnak eta beste batzuk urtetik urtera egitasmora batu direnak. Ildo honetan tailerra osasuntsu dago, heldutasuna, freskotasuna, egiak eta ametsak eskainiz. Antzerki Eskolaren ibilbidea aurrera doa eta kideek guztia behar bezala ateratzeko izan duten laguntza eskertu nahi dute: Kultur Etxeari, eskainitako laguntzarengatik; Jorgeri, bere musikarengatik; Asun Abadi, taldearen oinarriak ezartzeagatik; eta lagun, ezagun, senitarteko, herritar eta ikusleei, aurrera jarraitzeko animuak eta babesa emateagatik. Lau emanaldiIrurtzungo Antzerki Eskolak La otra Bernarda antzezlanaren lau emanaldi eginen ditu asteburuan Irurtzungo Kultur Etxean. Gaur, martxoaren 9an, ostiralean, bi emanaldi hartuko ditu Irurtzungo Kultur Etxeak, 20:00etan eta 22:30ean. Bihar, martxoaren 10ean, larunbatean, 20:00etan ikusi ahalko da antzezlana. Eta, igandean, martxoaren 11n, 20:00etan eskainiko dute azkeneko funtzioa. Bestalde, martxoaren 31n, larunbatarekin, Irurtzungo Antzerki Eskolak Altsasuko Iortia Kultur Gunean antzeztuko du La otra Bernarda, 20:30ean. La otra BernardaAntzezleak: Pakita Arruabarrena, Mª Eugenia Barroso, Ramona Franco, María Esparza, Txeli Garcia, Tere Ochoa, Genma Matxain, Maika Lomillos, Sonia Mallenco, María Pascual, Mónica Navarro, Yanire Cuevas eta Peio Alzueta.Talde tekniko eta artistikoa eta arroparen diseinua: Irurtzungo Antzerki Estola. Argiak: Angel SagüésMusika: Jorge CordónKartelaren eta ikus-entzunezkoen diseinua: Xabier UnanuaZuzendaritza:Angel Sagües