Udal Hirigintza Plan berria onartu du Udalak

Guaixe 2007ko mar. 9a, 00:00
Erburua eta IsasiaUdal Hirigintza Planak 164.000 metro2 zehaztu ditu erabilera erresidentzialerako, hau da, etxebizitzak jasotzeko. Guztira 661 etxebizitza aurreikusten dira, horietatik erdia babestutakoak -babes ofizialeko 220 etxe eta prezio tasatutako 114-. Eremu zabalena Erburuan dago, izen bera duen kiroldegiaren atzean, hain zuzen. Gune hau egungo udal planean jasoa dago, unitate bakar batean. Plan berrian unitate txikiagoak zehaztu dituzte, egingarriagoak izan daitezen. Hasiera batean konpentsazio sistema zehaztu dute, hau da, lurjabeak izango dira sustatzaileak. Baina beharra eta interesa egonez gero sistema hau kooperazio sistemara pasa daiteke, hau da, udala sustatzailea litzateke eta lurjabeek urbanizazioaren gastuak bere gain hartuko lituzkete. "Nolanahi ere, hazkunde orekatua egitea da helburua" dio Arzak. Etxebizitzak jasotzeko plan berriak zehazten duen eremu berria Isasiakoa da, Zirkunbalazio errepidearen atzealdean dagoena, San Sebastian auzotik goraka. "Eraikitzeko toki polita eta egokia da" dio alkateak. Isasian familiabakarreko etxeak eta pisuak egitea aurreikusten da. Egin beharreko zesioak legeak jasotakoak dira, hau da, eraikitako 100 m2 bakoitzeko 35 m2 gune berde eta 15 m2ko ekipamendua egitea. Parkea eta lur industrialaUdal Hirigintza Plan berriak jasotzen duen espazio publiko handiena Isasiako gunean, Larratxipi errekaren inguruan, aurreikusi den parkea da, 4.800 metro 2koa. Bestalde, Erburua kiroldegiaren atzean erabilera anitzeko pistak eta guneak egitea zehazten du planak. Bestalde, plan berriak erabilera industrialerako 193.165 m2ko eremua zehaztu du Kamiogainan, Akinorruti industri gunearen jarraian. Herritarrak informatuUdaletik azaldu dute Udal Hirigintza Plan berriko planoak eta dokumentazioa herritarrendako kontsultagarri jarriko dituztela berritutako udaletxeko aretoan, udaletxeko lanak despeditu bezain pronto. Lurra lixatzea da falta dena. Horrela, Hirigintzako Udal Plan Berriaren proiektua azaldu eta erakusteaz gain, udaletxeko lanak nola geratu diren ikusteko aukera izanen dute olaztiarrek. Data bando bidez jakinaraziko du Udalak. Bestalde, aurrerago ordu batzuk zehaztuko ditu Udalak, Ignacio Azkarate arkitektoak bizilagunei plan berriaren inguruko zalantzak argitzeko.