Herritarrak jai egunak ez aldatzearen alde agertu dira

Guaixe 2007ko mar. 9a, 00:00
Kultura Batzordeak  bi data zehatzen inguruan eskatu zien herritarrei iritzia. 18 urtez gorako iturmendiarrek eman zezaketen iritzia, batetik, Trinitate egunaren inguruan eta, bestetik, festa egunen inguruan. Otsailaren 25ean zuten erantzuna emateko eguna. Horretarako, auzoan goiz eta arratsaldez zenbait orduz boto ontzi bat izan zen. GalderakIturmendiarrek inkesta bidez erantzun zuten lehen galdera honakoa izan zen: Ados zaude Trinitate eguna larunbatean ospatzearekin? 83 iturmendiarrek ezezkoa erantzun zuten eta 61ek baiezkoa. Bigarren galdera, festei buruzkoa, honakoa zen: Ados zaude (garilaren) 16 beti festa izatearekin (patroiaren eguna baita) eta hurrengo edo aurreko asteburua beti festa izatearekin? Horrela urte batzuetan 18an ez da festa izango eta urte horietan Santa Marinara larunbatean igoko da. Galdera horrekin ere ezezkoak irabazi zuen, 89 eta 55. Emaitzak ikusita Kultura Batzordeak festa egunak ohi bezala antolatzen jarraituko du. Proposamenek iturmendiarren aldeko iritzia jaso izan balu, udala Bakaikurekin harremanetan jarri eta adostasuna beharko zukeen. Izan ere, Trinitate eguna bi herriek elkarrekin antolatzen baitute, antolaketaren ardura urtero txandakatuz. Aurten Iturmendik antolatuko du festa eguna. Bakaikuko Udalak Iturmendiko galdeketaren berri zuen. AurrekariaOraingoan Trinitate egunaz eta festen inguruan iritzia eman dute iturmendiarrek baina, aurretik ere halakorik egin dute, San Migel egunaz hain zuzen. Arrazoia ere oraingo bera zen, festa egunetan jende gutxi biltzen zela. 15 bat urte inguru badira herritarrei galdetu zitzaiela San Migel tokatzen zen egunean bertan ospatzea nahi zuten edo ondoko domeka batean nahiago zuten. Orduan ere ezezkoa nagusitu zen. Baina zenbait urte pasa eta gero, herritarrek iritzia emanda, domekara pasa zuten San Migelen ospakizuna. Urte batzuk geroago herritarrek jai egun hori larunbatera pasatzea erabaki zuten eta gaur egun larunbatarekin ospatzen da San Migel.